Dabid Lazkanoiturburu

Ekialdeko Txinako itsasoan, Washingtonen eta Pekinen arteko liskarra, Aseango gailurrean

Ekialdeko Txinako itsasoan ez da giro Ameriketako Estatu Batuen eta Txinaren artean. Auzia gaur bertan hasten den Hego-ekialdeko Asiako Herrialdeen Erakundearen (Asean) gailurrean mahai gainean izango da. 

Bideokonferentziaren bidez egiten ari dira Asean-eko gailurra. (Manan VATSYAYANA/AFP)
Bideokonferentziaren bidez egiten ari dira Asean-eko gailurra. (Manan VATSYAYANA/AFP)

Aseango Kanpo Arazoetarako ministroen gailurra ezin izango da bildu erakundearen aurtengo egoitzan, Hanoin, koronabirusa dela eta. Horrela, bada, bideokonferentziaren bidez egingo da irailaren 12ra bitartean.

«2020. urtea lau hilabetetan amaituko da, baina covid-19ak hedatzen jarraitzen du eta gure bizilagunek eta enpresek ondorioak pairatzen dituzte», azaldu du gailurraren  inaugurazioan Nguyen Xuan Phuc Vietnamgo lehen ministroak. Herrialde honek presiditzen du aurten Asean erakundea.

Txinak koronabirusa garaitu duela aldarrikatu duen honetan, Vietnamek berak eta Tailandiak izurritea kontrolpean badute ere, beste herrialde batzuetan, Filipinetan eta Indonesian kasu, gaitzak kutsatu eta hildako asko eragin ditu. Dena den, pandemiak herrialdeak bizi zuen hazkunde ekonomikoa gelditu ez ezik egoerak atzera egin du.

Hala ere, Ekialdeko Txinako itsasoaren inguruko liskarra dago gailurraren muinean. Bertan aurrez aurre izango dira AEBetako Estatu idazkaria, Mike Pompeo, eta Txinako Kanpo Arazoetarako ministroa, Wang Yi.

Pekinek itsas eta irla ia osoak aldarrikatzen ditu baina inguruko herrialdeak ez daude ados. Filipinek, Malaisiak, Bruneik, Indonesiak, Singapurrek eta Vietnamek... bakoitzak bere partea exijitzen du.

Izan ere, munduko itsas merkataritzan berebiziko garrantzia su itsas honek. Gainera, itsas-azpian baliabide eta bioaniztasun izugarriak gordetzen ditu.

Askotan izan dira itsasontzi txinatarren eta gainerako herrialdetakoen arteko gatazkatxoak. Aseanek eta Txinak urteak daramatzate jokabide-kodea eztabaidatzen ari dira liskarrak ekiditeko.

Azken hilabeteetan, AEBak eta Txina itsas-maniobrak egiten ari dira ur haietan.

Aurreko uztailean, Washingtonek «legez kanpokotzat» jo ditu Pekinen aldarrikapenak,  bereziki Spratly eta Paracel irlen ingurukoak. Txinak erabakia gaitzetsi du eta konfrontazioa bultzatzea egotzi dio.

Abuztuaren amaieran, AEBek zigor ekonomikoak iragarri ditu enpresa eta aginntari txinatarren aurka, itsasoaren militarizazioaren erruduntzat dituelako.  

«Txinako Alderdi konunistaren eskema garbia da; bere auzokideak belduraraztea», esan du Mike Pompeok gailurraren hasiera berotzeko.

Gerra Hotzaren erretorika

Pekinen eta Washingtonen arteko harremanak erabat izoztu egin dira, batez ere pandemiaren haritik. Donald Trump Etxe Zuriaren maisterrak Txinako agintarien gardentasun ezari egozten dio koronabirusaren krisialdi mundiala.  

Glaziazio aro geopolitiko honetan tentsioek gora egin dute eta ez dira merkatal kontuetara mugatu. Hong Kong,  espioitza industriala, uigurren aurkako errepresioa.. zerrenda gero eta luzeagoa da.

Eta Pompeo da egoera honen bultzatzailea. Gerra Hotzaren garaietako erretorika erabiliz,  dei egiten dio «mundu askeari» Txinako Alderdi Komunistaren «atzetik dagoen tirania berriari gailentzeko».

Koreako Penintsularen auzia ere gailurrean izango da. Trumpen eta Kim Jong Un Ipar Koreako agintari gorenaren arteko iazko gailurraren porrotaren ostean Pyongyango arsenal nuklearraren inguruko elkarrizketak ere izoztuta daude.

Europako Batasuneko, Indiako, Japongo, Errusiako eta Australiako Kanpo Arazoetarako ministroek parte hartuko dute datozen egunetan gailurrean gonbidatu moduan.