Asier AIESTARAN

Willian Josek ere positibo eman du eta ezingo du igandean Valladoliden jokatu

Aurrelari brasildarrak sare sozialetan onartu du Realak jakinarazitako azken positiboa berea dela, eta ezingo duela lehen jardunaldia jokatu. Zorionez, Mikel Oyarzabal entrenamenduetara itzultzeko prest da.

Willian Jose ez da Valladoliden izango igandean (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Willian Jose ez da Valladoliden izango igandean (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Ematen duen albiste on bakoitzeko txar bat jasotzen du azkenaldian Realak. Mikel Oyarzabal, Adanan Januzaj eta Kevin Rodrigues entrenatzera itzultzeko prest direla jakinarazi duen egun berean, talde txuriurdinak beste positibo baten berri eman du.

Klubak ez du zehaztu hasiera batean positiboa nori zegokion, baina ondoren Willian Jose bera izan da Instagramen bidez bera dela onartu duena. «Triste taldekideei ezingo diedalako lagundu Ligaren hasieran, baina zaintzen eta lanean jarraituko dut ahalik eta azkarren itzultzeko», idatzi du aurrelariak.

Izan ere, brasildarrak ezingo du igandean Valladoliden jokatu, etxean isolatuta egon beharko duelako egun dezentean, eta bigarren jardunaldiko neurketa ere kolokan geratzen zaio. Iristen bada oso estu izango da.

Willian Jose Covid-19an positibo ematen duen Realeko seigarren jokalaria da. Horietatik lau jada itzuli dira lanera –Aritz Elustondo, Mikel Oyarzabal, Adnan Januzaj eta Kevin Rodrigues–, David Silva oraindik isolatuta dago nahiz eta aste honetan bertan entrenatzen hastea espero den, eta orain Willian Jose izan da gelditu behar izan duena.

Zubeldia, «erne»

Beste gai batzuen artean, horretaz ere galdetu zaio gaur Igor Zubeldiari Zubietan eskaini duen prentsaurrekoan. «Lasai belarretan gaudenean bakarrik egoten gara. Esaten digute kontagiatzeko arrisku gutxiena hor dagoela. Behin entrenamendua edo partidua amaitutakoan ahalik eta arrisku gutxien hartzen ditugu: maskarilla jantzi, distantzia gorde… Gai serioa da eta inork ez du baja izan nahi datozen partiduetan. Eta hala ere ikusten da egunetik egunera gauzak aldatu daitezkeela. Oso erne egon behar dugu honekin», aitortu du azkoitiarrak.

Pertsonalki, Liga hasteko gogoz eta maila onean ikusten dela ere aipatu du. «Fisikoki nahiko ongi nago. Egia da aurredenboraldia ez dela beste urte batzuetakoa bezalakoa izan, egun gutxiago izan ditugulako prestaketarako, baina taldea ondo dago. Ni ere hobeto egon naiteke, baina sentsazio pertsonalak ez dira txarrak», adierazi du.

Bere postuan Sansetik indartsu datozen gazteei buruz hitz onak izan ditu: «Prest baino gehiago ikusten ditut. Edozein egunetan jendea falta delako lehen taldearekin entrenatzera igiotzen dira eta maila ona ematen dute. Nahiz eta bigarren taldean egon beraien unea daukatenean onena ematen dute, eta ez du ematen bigarren taldekoak direnik. Alde horretatik lasai egon gaitezke, etorkizun ederra daukalako Realak».

Eta, azkenik, erdilari edo atzelari jokatzen ikusten den galdetuta, erabakia Imanolena dela erantzun du. «Nik badakit bi postuetan jokatu dezakedala, entrenatzaileak bietan jarri izan dit, eta ez nizuke esango momentu honetan non ikusten naizen. Imanolek esaten didana egin behar dut, bi postuetan jokatzeko prest ikusten naiz».