Ane URKIRI
Donostia

Ikastetxeetan Euskaraldia lantzeko materiala aurkeztu dute, haurrak akuilu izan daitezkeelakoan

Ikastetxeetan haurrek Euskaraldia landu dezaten material didaktikoa aurkeztu dute ostegun honetan, hizkuntza ohituren aldaketan ume eta nerabeak akuilu paregabea izan daitezkeela ohartuta. Material guztia ikastetxeen eskura dago Euskaraldiaren webgunean. 

Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean egin dute unitate didaktikoaren aurkezpena. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean egin dute unitate didaktikoaren aurkezpena. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Azaroaren 20an abiatuko da Euskaraldiaren bigarren ariketa soziala, 2018. urteko edizioari jarraipena eman nahi diona. Ariguneak sortzea da aurtengo funtsa eta jada zenbait elkarte, eragile eta enpresak eman dute beraien izena. Irailaren 24tik aurrera norbanako bakoitzaren izen-emateko epea zabalduko dela aurreratu dute ostegun honetan.

Hori baino garrantzitsuagoa izan da, baina, ikastetxeetarako sortu duten material didaktikoaren aurkezpena. Haur eta nerabeek Euskaraldia landu dezaten, funtsezkoa iruditu zaie ariketa ikastetxeetara zabaltzea. Kontuan hartu behar da Euskaraldiaren ariketa sozialean aktiboki parte hartzeko 16 urte baino gehiago izan behar dela.

Euskaraldiak hezkuntza komunitatearen jardunean hizkuntza ohiturak lantzeko eskaintzen dituen aukerak azpimarratu eta euskararen erabilera dinamizatzeko haur eta nerabeen garrantzia nabarmendu dute ostegun honetan Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean emandako prentsaurrekoan.

Prentsa agerraldiaren fokua haur eta nerabeetan jarri dute, eta ikastetxeak hauentzat arnasguneak direla ohartarazi du Miren Dobaran Lakuako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Nabarmendu du pandemiak itxi egin dituela arnasgune horiek, haurrek euskaraz gehien jarduten duten eremu horiek, eta horregatik aurtengo Euskaraldia are garrantzitsuagoa izango dela aurreratu du. 

Haur horiek «birkonektatzeko» beharra ikusi du eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko koordinatzaileak, ildo beretik jarraiki, adierazi du helduen bizitzarekin konektatzean azkar batean deskonektatzen dutela euskaratik.

«Irakaskuntza euskara biziberritzeko prozesuaren zutabe garrantzitsua» dela nabarmendu du Amonarrizek eta honi esker dagoela gero eta hiztun gehiago. 

Euskaltzaleen Topaguneko koordinatzailearen iritziz, ikastetxeek ariketaren zentzua ulertarazi diezaiekete haurrei, erabilera sustatu dezakete eta ilusioa sortu dezakete. Ondoren, helduei dagokie «eredu» izatea, haurrek ikusi ez dezaten euskara umeei zuzentzeko hizkuntza gisa.

Unitate didaktiko aberatsa

Ikastolen Elkarteak, Irrien Lagunek eta Gipuzkoako Urtxintxa eskolak prestatu dituzte Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa eta Lanbide Heziketan euskara lantzeko unitate didaktikoak. Materiala hezkuntza sare osoan erabili ahal izateko utzi dute eskuragarri Euskaraldiko webgunean.

Unitate didaktikoak hiru fasetarako prestatu dira. Lehena, Euskaraldia baino lehen (irailetik azaroaren 20ra) burutuko da. Euskaraldia girotu, egitasmoaren kontzeptuak ezagutu eta bigarren edizioaren zabalkundea sustatzea du helburu fase honetarako prestatuko proposamenak.

Bigarren fasea Euskaraldiak iraun bitartean egingo da (azaroaren 20tik abenduaren 4ra). Euskaraldiaren ariketari eutsi, bidean ager daitezkeen oztopo eta konponbideak aztertu eta hizkuntza-ohituren inguruan gogoeta aktibatzeko diseinatua dago unitate didaktikoaren etapa hau.

Hirugarren fasea Euskaraldiaren ondoren gauzatuko da, abenduan. Ariketak iraun bitartean bizitakoa du oinarri, eta hizkuntza portaera emankorrak sustatzeko jarduerak osatzea du helburu atal honek.

Nerabeekin lanketa eta gogoeta

Fase ezberdinetan banatzeaz gain, hezkuntza ziklo bakoitzak ere modu ezberdinean landuko du Euskaraldia.

Batxilergoko eta Lanbide Heziketako gazteei dagokienez, Unai Arellano Ikastolen Elkarteko ordezkariak azaldu duenez, kolektibo zein norbanako gisa parte hartzera gonbidatu zaie. Kolektiboki, parte hartzen duten talde ezberdinetan barne-ariguneak sortzeko proposamena helarazi zaie, hala nola ahobizi eta belarriprest izateko izen-emate pertsonala egitea ere.

DBHko ikasleek ezingo dute aktiboki parte hartu ariguneen eraketan baina belarriprest zein ahobizi izatera gonbidatu dituztela adierazi du Arellanok.

Nerabe hauek prozesuaren parte sentitu daitezen, unitate didaktiko hauek lantzeko eskoletan irakasle zein ikaslez osatutako talde dinamizatzailea osatzea proposatzen dute. «Euskaradinamizatzaileak» izena eman diote sustatzaile talde hauei eta unitate didaktikoetan agertzen diren jarduerak bideratzea izango lukete helburu.

Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza

Nerabeekin hizkuntza ohituretan gogoeta egingo duten bezala, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako umeek hizkuntza praktiken aldaketan jokatu dezaketen rol aktiboaren garrantzia azaldu du Gipuzkoako Urtxintxa eskolako koordinatzaile Maite Asensiok.

Hori horrela, Irrien Lagunak elkarteak ‘Irria’ aldizkariaren ale monografiko bat garatu du, aldizkaria Lehen Hezkuntzako unitateetan txertatu da tresna pedagogiko osagarri gisa. Aldizkaria 2 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzenduta egongo da, eta 4 atal izango ditu. Urrian argitaratuko da eta ikastetxe guztietara banatuko da.

Elkarteko kide Garazi Urrosolok adierazi duenez, ahalegin berezi bat egin dute unitate hauek hezkuntza ez-formalera egokitzeko, haurrekin modu ludiko eta erakargarrian jarduteko aukera ematen baitu horrek. Asmo horrekin garatu dute ‘Irria’ aldizkariaren ale monografiko bat aurten.