NAIZ

Nafarroako Errenazimenduaren inguruko programazio kulturala ospatuko da urrian, Donapaleun

Duela 400 urte, Nafarroako «garai kultural oparoenaren» amaiera eragin zuen gertakari historikoa eman zen: Nafarroako eta Frantziako erresumak bateratu zituen ediktua sinatu zen. Garai hori ahanzturatik ateratzeko helburuarekin, Nabarralde Fundazioak, Zabalik Elkarteak eta Hernani Errotzen elkarteak ‘1620, Nafarroako Lo(r)aldia’ programa antolatu dute, urriaren 3rako.

Angel Rekalde. Jean Louis Davant, Mattin Irigoien eta Charles Massondo programaren aurkezpenan. (@Nabarralde)
Angel Rekalde. Jean Louis Davant, Mattin Irigoien eta Charles Massondo programaren aurkezpenan. (@Nabarralde)

Ostegun honetan aurkeztu dute Donapaleun ‘1620, Nafarroako Lo(r)aldia’ programa Angel Rekalde Nabarralde Fundazioko zuzendariak, Jean Louis Davant historialariak, Mattin Irigoien Zabalik Elkarteko ordezkariak eta Charles Massondo herriko auzapez buruak.

Ildo horretan, antolatzaileen esanetan, duela 400 urte «ziklo historiko» bat itxi zen: Nafarroako kulturaren garairik «loriatsuena, aberatsena eta garaiena».

«Garai laburra izanagatik ere kulturalki emankorrena izan zen baina, tamalez, gertaera politiko jakin batekin eman zitzaion itxiera: Paueko ediktua, Frantziako Luis XIII.aren eskutik iritsi zena», adierazi dute.

«Ediktu honen bitartez Nafarroa Frantziako koroarekin bateratu zuen erregeak, eta gure lurraldeak bere subiranotasuna behin betiko galdu zuen», gaineratu dute.

Garai «oparo» hau ahanzturatik ateratzeko helburuarekin, Nabarralde Fundazioak, Zabalik Elkarteak eta Hernani Errotzen Elkarteak jardunaldi eta erakusketa batekin abiatuko den egitarau kulturala prestatu dute, urriaren 3an Donapaleun ospatuko dena. 

Antolatzaileek azaldu dute ekitaldiaren funtsa: «Atal historiko honek bi esanahi garrantzitsu eskaintzen dizkigu: alde batetik, ia mila urtez jardun zuen eta nazioarteko mapan Euskal Herria kokatzen zuen Europako Estatu baten amaiera. Bestetik, etapa berezi eta bikain baten amaiera (Shakespearek ‘Nafarroa munduaren mirespena izango da’ esaldi ezaguna idatzi zuenekoa): Nafarroako Errenazimendua kulturaren, pentsamenduaren eta artearen arloan, euskal gizarteari Europa mailan izugarrizko distira eman ziona».

Kultur ekimena, erakusketa ibiltari batetik abiatuta

Nafarroako kultura-garai gorena ezagutzera emateko, izaera irekia eta parte-hartzailea izanen duen ekitaldiak antolatu dituzte hiru eragilek.

Asisko Urmeneta marrazkilariak zuzendu eta komisariatutako erakusketa ibiltari bat antolatuko da, eta hainbat hiritan erakutsiko da. Erakusketak garai historiko ezinbesteko honen inguruko informazioa, kronologiak, mapak eta bestelako materialak erakutsiko ditu, diseinu erakargarri baten bitartez.

Inaugurazio ekitaldian, antzerki ekitaldi txiki bat eskainiko da, bisitariei aro interesgarri honen gakoak azalduko dizkiena.

Urriaren 3an, erakusketaren irekierarekin bat eginez, garai honen inguruan hitz egiteko aditu andana bilduko dituen jardunaldi bat ospatuko da.

Lekuak mugatuak izanen diren heinean, aurretiko izen-ematea beharrezkoa izanen dela gogoratu dute antolatzaileek, eta dagoeneko egin daitekeela Nabarralderen webgunean bertan.