Asier ROBLES

EAEko hezkuntza arloko sindikatuek mobilizazio deialdi berria egin dute urriaren 2rako

ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT hezkuntza arloko sindikatuek manifestazioak deitu dituzte urriaren 2an EAEko hiru hiriburuetan, ikastaro presentzial, seguru eta adostu baten alde. Lakuako Gobernuak baliabide gehigarriak sindikatuekin negoziatu gabe jarraitzen duela salatu dute.

EAEko Hezkuntza arloko sindikatuen prentsaurrekoa mobilizazio berriak deitzeko. (Marisol RAMIREZ/FOKU).
EAEko Hezkuntza arloko sindikatuen prentsaurrekoa mobilizazio berriak deitzeko. (Marisol RAMIREZ/FOKU).

Asteazken honetan Bilbon emandako prentsaurrekoan ELA, LAB, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuek oraindik Hezkuntza Sailaren aldetik hasi berri den ikasturtea segurua izateko baliabide gehigarriak negoziatzen hasteko proposamenik ez dutela jaso salatu dute.

Azpimarratu dutenez, irailaren 15ean egindako grebak eta egun horretarako antolatutako mobilizazioek «oso babes zabala» izan zuten eta greba egin ahal zuen langileen %70a grebara atera zela ziurtatu dute.

Hala eta guztiz ere, gaur gaurkoz hezkuntzako sindikatuek EAEko Hezkuntza Sailaren berririk izan gabe jarraitzen dutela salatu dute: «Ez daukagu inolako interlokuziorik eta ez da gurekin bildu ere egin».

Horregatik, grebaren bezperan sailburu berriarekin egindako aldebiko bileretatik ateratako ondorioak berretsi egiten dutela adierazi dute sindikatuek: «Hezkuntza Sailak osasuna eta hezkuntza bermatzeko irizpide komunei, neurri gehigarriei eta baliabide-aurreikuspenei dagokienez plangintzarik gabe jarraitzen duela».

Gainera, isolatutako gela kopurua gorantz dola eta jadanik eskola barruko transmisio kasuak azaleratzen hasi direla ohartarazi dute.

Honen aurrean, ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek aurrez aurreko ikasturte seguru eta adostuaren alde mobilizatzera deitu ditu berriro era hezkuntza arloko langile guztiei urriaren 2an, ostiralean. EAEko hiriburuetan antolatu dituzte manifestazioak arratsaldeko 18.00etan, eta gainerako hezkuntza eragileak ere mobilizazioetan parte hartzera deitu dituzte.

Hezkuntza arloko sindikatuek haien eskaerak gogoratu dituzte: langile kolektibo guztietan ratioak jaitsi eta plantillak handitzea; protokoloak jasotzen dituen Norberaren Babesarako Ekipamenduak ikastetxeetan egotea; geletan pertsonako 3m2 eta 1,5 metroko distantzia egotea, geletan gehienez ere 10-15 ikasle egonik, 0-3 zikloan talde txikiagoak ahalbidetuz; espaziorik ez dagoen eskoletan bestelako eraikinak zein espazio naturalak baliatzea; sorturiko arrakala sozioekonomiko, pedagogiko, teknologiko zein euskararekikoa murrizteko neurri eta baliabideak jartzea; ikasle guztientzat jangela zerbitzua bermatzea; eta egoera zaurgarri zein sentikorrean dauden langileak babesteko neurriak ezartzea eta kontziliaziorako baimen ordainduak ematea.