Lege arrunta aplikatuz, duela 30 urte bizi osoko kartzela zigorra jaso zuten hiru preso lapurtarrek kalean egon beharko luketela nabarmendu dute Muriel Lucantis eta Urtzi Errazkinek, Etxerat elkartearen izenean, Baionan.
Oroitarazi dutenez, «egungo agertoki politikoa balioan jarriz», preso horiek baldintzapean aske uztea babesten dituzten ebazpenak badira. Alta, agerian jarri nahi izan dutenez, «Fiskaltza antiterroristak ezartzen duen blokeo sistematikoa komponbiderako oztopoa bada».
Fiskaltzak hartu duen jarrera ezkorrak presoei soilik ez baita beraien senitartekoei eragiten diela nabarmendu dute. Horren aurrean, «xantaian eta mendekuan oinarritzen ez diren soluzioak eta justizian onarrituriko konponbideak» aldarrikatu dituzte.
Bestalde, Covid19 dela-eta frantses presondegietan bizi den egoera zaila izan dute aipagai. Kartzela gehienetan bisita kopurua eta baita horien iraupena ere murriztu dituztela azaldu dute. «Parloir delakoetan, askotan kristalik ez dagoenez, funtzionarioek mehatxu egiten dute, elkarri ikutzeko keinurik txikiena egitekotan presoa zigortuko dutela eta senideari bisita baimena kenduko diotela ohar egiten diete, oso egoera bortitza da, bereziki haur txikiak tartean daudenean», zehaztu dio NAIZi Urtzi Errazkinek.
12.000tik gora presoren etxeratzea agindu zuen frantziar Justizia ministerioak pandemiak goia jo zuenean. Alta euskal presoak ez zituen zerrenda horretan sartu. «Nahiz eta sei euskal presok baldintza guztiak betetzen dituzten, hala nola larriki eri den Ibon Fernandez Iradi», nabarmendu du Lucantisek.
Berriz ere covid19ko kasuak Estatu frantsesean arinki emendatzen ari diren unean, beste behin ere, frantziar Gobernuari baldintzapeko askatasunen bidea zabaltzeko eskatu diote. Era berean, gaixo diren presoak berehala askatzeko exijentzia berretsi du Etxeratek.
Bestalde, presoen egoerari arreta egiten dieten hainbat erakundek bizi duten egoerarengatik kezka agertu du Lucanisek. Presondegien behatoki gisa jarduten duen «contrôleur des lieux de privations de liberté» ardura zeraman Adeline Hazanek iragan uztailean bere postua utzi zuenetik Gobernuak ez du beste inor izendatu lan hori betetzeko. Horri gehitu behar zaio OIP ( Observatoire International des Prisons) elkarteari ematen zitzaizkien diru-laguntzak heren batez murrizu dituela Gobernuak. «Eskubideen urraketak salatzen zituzten tresnak diskretoki desagertzen ari dira eta larria iruditzen zaigu xedea hori izanez gero», salatu du Etxerat elkarteko Ipar Euskal Herriko ordezkariak.
Egoera horren aurrean, «urteotan bake prozesuan emandako urratsetan sakondu eta benetako bake agertoki batera ailegatzeko» indarra egiteko deia luzatu du Etxeratek.
Joan zen larunbatean Ipar Euskal Herri osoan eginiko mobilizazio egunean parte hartu zuten herriarrei bere esker ona agertu diete elkarteko kideek gaur Baionan.
Agerraldiaren amaieran Donibane Lohizunen (19.00tan, Louis XIV plaza) ostiralean eginen den mobilizaziora deitu dute.