OIHANE LARRETXEA
DONOSTIA
Entrevue
ITZIAR ITUÑO
AKTOREA

«Parte hartzeko eskubidearen aldeko aldarria da ‘Alardea’. Tradizioak ezin dira aldatu?»

Itxialdia amaituta, bertan behera edo atzeratuta gelditu ziren proiektuekin buru belarri dabil Itziar Ituño aktorea. ‘Alardea’ telesailaren grabaketak uztailean amaitu berri, jarraian ‘La casa de papel’-en (Netflix) bosgarren eta, iragarri dutenez, azken denboraldia grabatzen dabil orain. Eta ez, aktoreek ere ez dakite nola amaituko den munduari bira eman dion telesaila. Bertatik tarte bat eskainita aritu da NAIZekin.

Itziar Ituño aktorea, ‘Alardea’ telesailaren grabaketa lanetan. (David HERRANZ-Ivan VIÑA))
Itziar Ituño aktorea, ‘Alardea’ telesailaren grabaketa lanetan. (David HERRANZ-Ivan VIÑA))

David Perez Sañudok (Bilbo, 1987) zuzenduta, ‘Alardea’ telesailean Amaiaren azalean sartu da Itziar Ituño (Basauri, 1974). Edurne ama (Klara Badiola) garai batean Uriola herri asmatuan emakumeak alardean parte hartzearen aldekoa du eta Jone alaba (Carmen Climent) ordea, kantinera moduan dabil. Errealitatean oinarrituta, fikzioak egiazko zauriak eta arrakalak jarriko dizkigu begien aurrean. EiTB galan lehen bi kapituluak estreinatuko dira (lau dira guztira) irailaren 23an eta aurrerago telebista publikoan ikusi ahal izango da osorik.

David Perez Sañudok zuzendua, ‘Alardea’ telesailan parte hartu duzu. Zinemaldian eskainiko dira bi atal eta ETBn ikusi ahal izango da osorik gero. Momentuz ez dago trailerrik ikusgai, beraz, zer aurreratu dezakezu?
Fikziozko herri batean kokatzen da telesaila, Uriola deituriko herrian. Betiko alarde bat dago eta badago emakume talde bat bertan parte hartu nahi duena. Hori da trama nagusia, baina hori garatzeko gidoilariek jaso dute familia batean nola islatzen den herrian sortzen den arrakala hori, dela bi alardeen arteko arrakala. Protagonistak emakumeak diren arren, gizonak ere presente daude eta oso paper inportantea jokatzen dute istorioa garatzeko orduan. Oso gai delikatua dela, oso potentea, erraietakoa.

Amaiaren azalean jarri zara. Nolabait bidegurutze batean dago, Edurne ama eta Jone alabaren artean. Nor da Amaia eta zein erabaki hartu beharko ditu?
Amaia Haur Hezkuntzan irakaslea da eta familia osatuta dauka, senarra du eta alaba bat. Aspaldian bere amarekin ez du hitz egin arazo handi bat izan zutelako iraganean, eztabaida latza, eta ez dira ondo konpontzen. Ama [Klara Badiola] bere garaian saiatu zen aurreko mugimendu batean emakumea Uriolan alardearen parte izan zedin baina ez zuen ondo amaitu. Zeozer gertatu zen eta ama eta alaba urrundu egin ziren bata bestearengandik.

Amaia oso emakume ahaldundua da, feminista, bere eskubideen alde borrokatzen dena, baina alardearen gaia beretzat… uf, gogora ekartzen dio berak bizitako trauma bat, zauri bat zabaltzen dio alardeak. Horregatik bere jarrera aparte gelditzea da, ez du ezer jakin nahi. Bere alaba, berriz, betiko alardearen aldekoa da, baita senarra ere, baina familia horretan armonian bizi dira bakoitzaren erabakiak errespetatuz. Zer gertatzen da, ordea? Herria banatzen denean badagoela eragina ere familiaren baitan. Amaia zalantzan ibiltzen da, zer erabaki hartu, aurrera edo atzera egin… bere traumarekin borrokan ibiliko da gauzak ulertu arte. Emakume indartsua da, baina zalantzak egiten ditu erabaki batzuen aurrean.

Egiten duena egiten duela ez da erabaki erraza izango, eta zauri bat ez bada beste bat irekiko da…
Halaxe da. Ez du inor mindu nahi eta, batez ere, bere alabarekin duen harremana babestu nahi du berari gertatu zitzaiona berriz ez gertatzeko, ez du nahi bere alabarekin txarto moldatu. Hori dauka Amaiak buruan.

Jai ospakizun batek ematen digu bidea oso gai mingarriez hitz egiteko. Herri bat nola banatzen den eta familiak nola apurtzen diren.
Bai, telesailak hori islatzen du benetan gertatu diren egietan oinarrituta dagoelako. Gidoilariak, zuzendaria, inspiratu dira benetako gertakarietan. Bizkaitarra naiz eta entzunda nituen Irun eta Hondarribiko kasuak. Zein latza izan zen emakume haientzat eta azken finean herri osoarentzat… pertsonaia horren azalean sartu eta hura bizitzea, emozioak daude puri-purian.

Bizkaitarra zara eta fikzioan oinarritu den errealitatea Gipuzkoan dago, Bidasoa inguruan. Pertsonaia nola prestatu duzu?
Gidoiak irakurri nituen baina informazio gehiago behar nuen. Emakume haien lekukotzak jasotzen dituzten dokumental posible guztiak ikusi nituen, benetako protagonistak ikusten eta haiek entzuten prestatu dut. Nire pertsonaia badago leku batean, dela berdintasunean parte hartu nahi duten emakumeen aldean, eta hortik bilatu dut informazioa. Badaude emakumeak beste aldean, Amaia ez dagoen alde horretan, baina haien zergatiak eta arrazoiak ez ditut bilatu nire pertsonaia bestelakoa delako. Eta musika ere topatu dut, Fermin Muguruzak Dut taldearekin kantatzen zuenean ‘Bidasoa fundamentalista inoiz ez…’. Horrek soinu banda moduan inspiratzeko balio izan dit.

Tratazen diren gaiak oso gaur egungoak dira eta erdigunean daude, hala nola emakumearen lekua espazio publikoetan eta, zehazki, jaietan. Telesaila bada tresna hausnartzeko?
Herriko jaietan parte hartzeko eskubidea aldarrikatzearen aldeko mezu bat da istorioak kontatzen duena, eta bai, tradizioei buruz hausnartzeko asko ematen du, zenbait gauza birpentsatzeko. Tradizioak tradizio dira? Ezin dira aldatu? Zalantzak sortzen dira, edo ez… horren inguruan hausnartzeko balio du. Baina jakina, tradizioa eta eskubideen arteko talka ematen bada, zer egin? Kasu honetan, emakumeen eskubidea da herriko jaietan parte hartu ahal izatea, beste guztiek bezala. Tradizio guztien gainetik daude eskubideak. Eta hor dago koska, konpondu beharrekoa eta ulertu beharrekoa. Nik oso argi daukat, e?

Esango zenuke, hitz gutxitan, berdintasunaren inguruko telesaila dela?
Jakina, zalantzarik ez. Hortaz ari gara, eta uste dut istorioa, Euskal Herrian gertatzen den istorioa, nahiko lokala izan arren, finean Euskal Herriko herri batean gertatzen delako, aldi berean oso istorio unibertsala dela. Munduko edozein bazterretan ikusita ere, segituan identifikatzen dira hor ematen direnak eta gatazkak.

Alardeak funtzionatu dezakeela ispilu moduan uste duzu…
Bai, eta berdin du Euskal Herriko edozeinek ikustea, edo atzerritik, dena delakoak ulertuko du badagoela gatazka bat, emakumeoi eskubide batzuk ezeztatu eta ukatu egiten dizkigutela.

Gaia oso arantzastua da eta mina sortzen du. Telesailak ez zuen nolanahiko erronka. Ausarta izan da?
Bai, jakina. Historia dago kontatuta ikuspegi batetik, hori argi dago, ez da gelditzen bitarteko espazio batean, ez du kanpotik begiratzen, parte hartzen du, bai: emakumeen alde dago. Oso gai sentsiblea da, arantzatsua diozun moduan, eta uste dut hasi direla kritikak dagoeneko estreinaldia baino lehenago. Eta ez dakit ona den, zeren konpontze bidean badoaz, suabe suabe, belaunaldi berriak… Baina kontatu beharreko istorioa zen, zeren gatazka ez da konpondu. Badaude asko sufritzen ari diren herri bi, zauri bi zabalik daude, eta guk hori kontatzea erabaki dugu. Kritikak jaso behar baditugu, iritziak edo irainak, ni prest jasotzeko. Nik badakit non nagoen.

Eta non zaude?
Ni Jaizkibel konpainiakoa izango nintzateke gustura hangoa banintz, dudarik ez. Egongo nintzateke emakume borrokalari horien artean.

Fikzioa bada bide bat eztabaidak mahai gainean jartzeko.
Bai, hala pentsatzen dut nik, eta kasu honetan halaxe da. Horregatik hartu nuen parte, estu-estu nuen egutegia, baina istorioa irakurri nuenean esan nuen ‘hau egin behar dut’. Eta ez naiz damutzen ezertarako! Parte hartu dugun emakume guztiak oso hunkituta egon gara, indarrak egite horren alde.

Paperak zein arrasto utzi dizu?
Beno, ez dakizu! Badago momentu bat, amaiera aldean, denak egon ginen korapilo batekin eztarrian. Horren erreala zen sekuentzia, sentitu ginela barru barruan. Amaitzean, ‘moztu!’ entzutean, arnasa hartu behar izan genuen. Soilik irudikatzea hori benetan bizitzea zer izango ote den, ze latza egoera eta ze indartsu izan behar den emakumea… Gure historia da eta orokorrean munduko emakume guztiena ere.

‘Alardea’ alde batera utzita, eskuartean duzun lanetako bat da ‘La casa de papel’. Bosgarren denboraldia eta azkena izango dena grabatzen ari zarete.
Filmatze lanen hasiera hasieran gaude, abuztuaren amaieran abiatu genituen eta mantso mantso goaz, oso konplexua da, oso sekuentzia zailak daude eta horrek denbora eskatzen du.

Gidoilariek amua uzten dute beti kapituluaren amaieran eta jendeak hori irentsi eta hurrengoa ikusteko gogoz uzten dute. Adikzio handia sortzen duen telesailen artean dagoela dio Netflixek, eta egia da. Oso dinamikoa da, rock n’ rolla dauka. Baditu ezaugarri batzuk egiten dutenak ikuslego zabal bat egotea bosgarren denboraldiaren zain.

Eta zu rock n’ roll zalea zara…
Bai! (barreak). Oso lan gogorra da, exijentea eta asko eskatzen duena, baina azken txanpan gaude eta dena eman behar da. Hala ere, esango dut ez dakigula nola amaitzen den, sekulako jakinmina dugu aktoreok ere.

Kulturaren sektoreak kalte handiak jasan ditu azken hilabeteotan. Nola ikusten duzu egoera?
Nire esperientzia pertsonala guztiz kontrakoa izan da, nire agendan zeuden grabaketak berriro jarri direlako martxan, kontu handiaz eta astero frogak eginez, hori bai, baina egia da itxialdia bukatu eta erdizka gelditu ziren pelikulak edo atzeratu ziren lanei ekin ahal izan diodala. ‘Alardea’ uztailean amaitu genuen eta jarraian ‘La casa de papel’ jarri zen martxan. Lana etorri zait bikoiztua moduan, baina badakit zuzeneko arteetan ez dela horrela gertatu eta kalteak itzelak direla bai antzerkian, bai musikan, zuzenekoetan… ikusentzunezkoetan teknikoen egoera oso gogorra da ere. Sektorea ez bazegoen ondo, pentsa orain. Eta gauza batzuk nahiko ulertezinak dira: ikusle kopuruak antzoki zein zinematan nola murriztu diren, eta autobus zein metroetan jendea nola doan pilatuta… kalteak nabarmenak dira, jende asko egon da diru sarrerarik gabe hilabeteetan.