David Perez Sañudo zuzendariak ‘Ane’ bere lehen luzearekin hartu du parte 68. Zinemaldi honetan eta jaialdiak amaitzeko atzera kontaketa abiatua duenean, Euskal Gidoi Onenari Saria irabazi du iluntzean, ostiral honetan.
Bilbotarrak berak errekonozimendua jaso ondoren adierazi duenez, «sariak lanean jarraitzen lagunduko digu. Lehen filma honekin zinema egiten jarraitzeko eskubidea irabazi nahi genuen», berretsi du. Saria Euskal Gidoigileen Elkarteak banatzen du eta Zinemaldiak berak sare sozialen bidez zoriondu du sortzaile gaztea.
Seigarren urtez jarraian antolatu da aitortza, eta ohi denez, Zinemaldiaren «edozein sailetan aurkezten den euskal ekoizpeneko fikziozko film luzeetako baten gidoiari» ematen zaio. Edizio honetan, Ana Hormaetxea (gidoigilea), Egoitz Moreno (gidoigilea) eta Roberto San Sebastian (zuzendaria) euskal zinemagileak izan dira Euskal Gidoigileen Elkartea Saria erabaki duten epaimahaikideak. Arrazoitu dutenez, David Perez Sañudoren ‘Ane’ filma «bikaintasunez josita dago eduki sozial, politiko eta intimoan».
Gatazkak eta inkomunikazioa
‘Ane’ Euskal Herrian girotuta dago, 2009. urtean. Etxebizitza batzuen desjabetzearen ondorioz bere auzoan jazotako istilu batzuen ondoren, Lide, Abiadura Handiko Trenaren obretan zaintzaile gisa lan egiten duen ama gazte bat, konturatuko da bere alaba nerabea, Ane, ez dagoela.
Horrela nahasten ditu istorio intimo edo familiartekoa, eta AHT bezalako proiektu handi batek sortzen duen banaketa soziala. Estreinaldiaren aurretik elkarrizketa bat eskaini zion GARAri.
Halaber, ‘Alardea’ telesailaren zuzendaria da Perez Sañudo eta aurrerapena EiTB galan ikusi ahal izan zen, iragan asteazkenean. Telesaila osorik, lau atalak, aurrerago ikusi ahal izango da telebista publikoan. Itziar Ituño, Klara Badiola eta Carmen Climent gazteak osatzen dute hirukote protagonista.