NAIZ

Plateruenaren itxierak erreakzio soka luzea ekarri du

Plateruena ateak ixtera doala jakin bezain laster herritar, sortzaile zein kultur eragileek euren atsekabea adierazi dute sare sozialetan. Arrazoi ekonomikoek eragindako itxierak hutsune handia utziko duela nabarmentzean bat egin dute guztiek.

Plateruena Kafe Antzokia. (Aritz LOIOLA/FOKU).
Plateruena Kafe Antzokia. (Aritz LOIOLA/FOKU).

Durangoko Plateruenaren itxierak oihartzun zabala izan du. Albisteak sortu duen harridura eta tristuraz gain urte luze hauetan bertan izandako bizipenak gogoan izan dituzte herritar, musikari, idazle zein kulturgintzan lanean ari direnek euren txioetan.

Denek eskertu diete Plateruenako arduradunei egindako ahalegina eta etorkizunean beste proiekturen bat abian jarriko denaren esperantza ere agertu dute.

Musikaren alorretik Olatz Salvador, Fermin Muguruza, Mikel Urdangarin eta Anarik, besteak beste, Plateruenan bizitako uneak izan dituzte gogoan.

Bertsolaritzaren mundutik, Igor Elortzak ere Plateruena gogoratu nahi izan du twitter hari batekin. Bertsozale Elkarteak ere eskertu du kafe antzokiak egindako lana.

Beste kultur eragile batzuek ere babestu dute Plateruena.

Durangoko Udalak

Durangoko Udalak ere balioan jarri nahi izan du Plateruena Kafe Antzokiak «herrian eta haratago utzitako ondarea».

«Bi hamarkadez Durango euskalduntzeko eta kulturgintzan suspertzeko lana egin duen elkarlekua izan da Plateruena Kafe Antzokia. Aurrerantzean, beste bide batzuetatik bada ere, lan horretan bidelagun izango garela zalantzarik ez dugu. Garai hauek bereziki zailak dira kulturgintzarako eta ostalaritzarako, eta Durango euskalduntzeko lana beti izan da zaila, beraz urte luzeetan eginiko lana eskertu nahi dugu Udaletik», adierazi du.

Gainera, Plateruena Kafe Antzokiak egoeraren berri eman zionetik «elkarlanerako prestutasuna» erakutsi duela adierazi du Udalak.

Urte bukaera arte ekimenak egongo diren arren, Durangoko Udalak iragarri du hausnarketa prozesu bat irekiko duela «durangarrekin eta eragile ezberdinekin batera, etorkizunean Plateruenaz gozatzen jarraitu ahal izateko».