Dabid Lazkanoiturburu

Bake akordioa sinatu dute Sudanek eta talde armatuek

Sudaneko Gobernuak eta talde armatuen buruzagiak bildu dirsa gaur Juban, Hego Sudaneko hiriburuan, 17 urte luze iraun duen gerra odoltsuari amaiera emateko adostu zuten akordioa sinatzeko. Aitzinako dantzek eta danbor hotsek gozatu dute sinadura

Nilo Urdineko herritarrek utzitako arma zuloak, Armadaren esku. (Ashraf SHAZLY/AFP)
Nilo Urdineko herritarrek utzitako arma zuloak, Armadaren esku. (Ashraf SHAZLY/AFP)

Sudaneko gobernuak eta herrialde afrikarraren talde armatu nagusiek, guztiak Sudaneko Fronte Iraultzailean bilduta, joan den abuztuaren 31an adostu zuten bake akordioa sinatu dute Yuban.

Hego Sudaneko Gobernuaren bitartekaritza lanari esker, Jartumeko Exekutiboaren izenean akordioa sinatu du Kontseilu Subiranoaren presidente-ordea den Mohamed Hamdan Dagalo generalak, «Hemedti» ezizena duena, zuzendu duen hiru ordezkarien delegazioak.

Talde armatuen izenez hamar ordezkari izan dira. Erdian Salva Kiir Hego Sudaneko presidentea, bitartekaritza lanetan.

Akordioak Darfurreko, Hego Kordofaneko eta Nilo Urdineko eskualdeei buruzko auziak bidearatzea du helburu. Lurralde hauek biolentzia, marginazioa eta pobrezia pairatu dute hamarkada luzeetan Omar al Bashirren erregimenaren pean.

2019an matxinada erraldoi batek boteretik bota eta atxilotu egin zuen mandatari ohia. Militarrek amore eman behar izan zuten eta oposizioarekin trantsiziorako akordio batera iritsi ziren.

Trantsizio gobernu-buru den lehen ministroak, Abdalah Hamdokek, bake akordioa Sudanek independentzia lortu zuenetik aukera paregabea dela aldarrikatu du.

«Bake orokorra eta demokraziarako trantsizioa elkartuta, herrialdeak 1956an independentzia lortu zuenetik, egonkortasun politikoa eta Sudanen garapena lortzeko aukera paregabe baten aurrean gaude», esan du.

Are gehiago, akordioarekin 2018ko abenduan «eztanda egin eta hurrengo urteko apirilean Al Bashir kanporatzea lortu buen iraultzaren eskaerak» beteko direla ziur da lehen ministroa.

Bada horrekin bat egiten ez duenik. Gaur bertan ehunka izan dira gobernu berriaren dimisioa exijitzeko Jartum hiriburuko kaleetara protestan atera direnak.

Ogiaren eta erregaien eskasia dago, eta horrek erregimen zaharra defendatzen dutenen haserrea mamitzen du.