NAIZ

Donald Trump bihar buelta daiteke Etxe Zurira

Medikuek azaldu dutenez, Donald Trump «ondo dago» eta bihar bertan utzi lezake Behesdan dagoen Walter Reen Ospitalea. Bertan covid-19aren aurkako tratamendua jaso du AEBetako presidenteak.

Donald Trump, AEBetako presidentea.  (Joyce N. BOGHOSIAN / AFP)
Donald Trump, AEBetako presidentea. (Joyce N. BOGHOSIAN / AFP)

Donald Trump AEBetako presidentea ospitaletik atera daiteke bihar. Hala iragarri dute bere medikuek Behesdan dagoen Walter Reed Ospitalean egindako agerraldian.

Brian Garibaldik medikuak azaldu duenez, atzo Remdesivir eman zioten Trumpi, eta igande honetan «ondo dago». «Ohetik altxatu da, eta paseatu du. Gaur janaria eta edaria emango diogu, eta gure nahia da ohean ez egotea», nabarmendu du.

«Gaur bezala jarraitzen badu, eta ondo sentitzen bada, bihar bertan ospitalea utziko luke eta Etxe Zurira itzuliko litzateke tratamendua bertan jarraitzeko», gaineratu du.

Sean Conley Trumpeko konfiantzazko medikuak ere presidentea hobeto dagoela esan du gaurko agerraldian. Hala ere, bere egoeran «gorabeherak» daudela aitortu du.

«Presidenteak bi alditan arazoak izan ditu oxigenoarekin. Egoera horri aurre egiteko dexametasona –esteroide bat– erabiltzea erabaki genuen», azpimarratu du.

Gaur Donald Trumpek ondo dagoela adierazi du bideo batean. Dena den atzo Etxe Zuriko ordezkari batek presidentearen egoera larria zela adierazi zuen.

«Azken 24 orduetako bizi-zeinuak oso kezkagarriak izan dira eta datozen 48 orduak kritikoak izango dira bere garapena ikusteko. Oraindik ez gaude erabat osatzeko bidean», ohartarazi zuen Mark Meadowsek.

Informazio hori erabat kontraesankorra zen minutu batzuk lehenago Trump artatzen duen mediku taldeak emandako lehen parte ofizialarekin. Horiek, izan ere, presidentea «ondo sendatzen» ari dela adierazi zuten. Eta gaur ideia berdina nabarmendu dute komunikabideen aurrean.