Gipuzkoako helduen egoitzetan greba eguna izan dute gaur eta Donostiako kaleetan zehar manifestazioa egin dute ELA, LAB, Irauli Zaintza eta Gipuzkoako Senideek deituta. Gipuzkoa plazatik, Aldundiaren egoitza paretik abiatu da protesta. «Helduentzako beste arreta eredu bat sortzeko beharra berretsi dugu, ereduaren erdigunean gure helduak jar daitezen, ez enpresa kudeatzaileen negozioa», adierazi du LAB sindikatuko Leire Ormazabalek.
Osasun krisi honetan, «enpresak Gipuzkoako Foru Aldundiaren onespenarekin aberasten ari direla» salatu dute. «Helduen egoitzak zerbitzu publikoa dira, eta gipuzkoar guztiek finantzatzen dituzte zergen bitartez. Are gehiago, egoiliarrentzat arreta kalitatezkoa izan dadin, arreta ematen dieten langileek lan-baldintza duinak eta kalitatezkoak izan behar dituzte, eta horiek gabe arreta ezin da gauzatu», nabarmendu du sindikatuak.
Zentzu horretan, «emandako lanari egokitutako arauketa eta konpentsazioen bidez» hitzarmen bat lortzea defendatu dute. «Azken finean, egungo zaintza eredua sakon jorratzeko garaia da, pandemia egoerak agerian utzi duen bezala. Horretarako, kudeaketa publikoaren aldeko apustu garbia egin behar da, zaintzaren funtsezko funtzioa aitortuz eta langileen lan-baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetuz».
Era berean, ELA sindikatuko bozeramaile den Txomin Lasak gogora ekarri du sei hilabete direla greba, pandemia dela-eta, etetea erabaki zutela. «Erantzunkizuna izan genuen, gaur egun klase politikoari eta sektore honetako enpresariei falta zaiena». Hala ere, nabarmendu du greban bi urte eman eta gero, langileek «hildako ugari ekarri dituen osasun krisi bati» aurre egin behar izan dietela eta instituzioetatik «sentsibilitate falta» nabaritu dute.
«Gipuzkoako Aldundiak irmo babesten du erresidentzien modelo hau. Ulertzen dugunez, haien enpresari lagun asko honetatik jaten dugulako. Beraz ez dugu grebara joatea beste aukerarik», nabarmendu du ELA sindikatuko ordezkariak. Izan ere, adierazi duenez, langileak osasun krisia iritsi baino «okerrago» daude orain, «lan karga handiei, karga emozional eta sikologikoak batuz».
Gipuzkoako Senideak plataformako kide Xabier Pierruguesek azaldu du sindikatuen aldarrikapenekin bat egiten dutela «egoera oso gogorra egiten ari delako» haien gertukoentzako. «Zerbitzu minimoekin denbora asko daramago, oso gaizki pasatzen ari dira, batez ere koronabirusarekin. Eta Aldundiak behingoz aurpegia ematea nahi dugu, arazo honi konponbide bat emanez. Jende asko hiltzen ari da eta badirudi ez diela axola».