NAIZ

Gobernu espainolarekin negoziaketarako «bidea ireki» dela dio Alerta Roja plataformak

Ekitaldi eta ikuskizunen sektoreko profesionalak biltzen dituen Alerta Roja mugimenduak irakurketa baikorra egin du Lan Ministerio espainolarekin egindako lehen bileratik. Negoziaketetarako «bidea ireki» dela diote.

Alerta Rojak mobilizazioak egin zituen irailean, sektorea jasaten ari den egoera salatzeko. (Marisol RAMIREZ | FOKU)
Alerta Rojak mobilizazioak egin zituen irailean, sektorea jasaten ari den egoera salatzeko. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Alerta Rojak, ekitaldi eta ikuskizunen sektoreko profesionalak biltzen dituen plataformak, astelehenean Yolanda Diaz Lan ministro espainolarekin egindako bilkuraren balorazioa egin du. Mugimenduak positiboki baloratu du lehen bilera honetan ministroak, eta harekin batera hitzorduan izan zen Veronica Martinez zuzendari nagusiak erakutsitako jarrera eta negoziaketetarako «bidea ireki» izana baloratu dute.

Azaldu dutenez, irailaren 29an onartutako 30/2020 Lege Dekretuaren bidez sektoreko enpresek Gizarte Segurantzako kuotak ordaintzetik salbuesteko aukera izango dutela ziurtatu diete, ERTE berrien bidez edo lan autoritatean euren egoera azalduz. Sektorearen berezitasunak aintzat harturik, Ministerioarekin komunikazio lerro zuzen bat irekitzeko «konpromiso irmoa» erakutsi dutela azaldu dute eta aipatu Lege Dekretuan langabezia, intermitentzia eta teknikariena bereziki kaltetua izan den sektore gisa onartzea aurreikusi dela argudiatu dute.

Zehazki, euren jardunaren intermitentziaren eraginez laguntzarik gabe geratu diren teknikari eta bestelako profesionalek horietarako sarbidea izan dezaten «arau edo lanabes bat» sortzea ondo ikusi dutela azaldu dute. Azaldu dutenez, Kultura eta Kirol eta Industria eta Turismo ministerioekin batera sektorearen berreskurapenerako plangintza bat sortzeko konpromisoa ere hartu dute eta kontrataziorako irizpideak ere markatu dituzte.

Lan hitzarmenaz ere mintzatu dira. Sektoreak plan estrategiko baten beharra jarri du mahai gainean eta, horren baitan, profesionalak babestuko lituzkeen lan hitzarmena sortzea. «Proposamena sektoretik egin behar bada ere, Lan Zuzendaritza Orokorrak hitzarmena lortzeko laguntza eskaintzeko konpromisoa erakutsi du», adierazi dute. Bide horretan, langile autonomoei dagozkien aferak Inklusio eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren ardura dela ebatzi eta Kultura Ministerioaren bidez presazko bilera eskatua dagoela zehaztu dute.

Plataformatik sektoreari dagozkion datu ekonomikoak helarazteko interesa helarazi dietela ere azaldu dute, eta aktibitate ekonomikoak arautzen dituen sailkapen espainolaren (CNAE delakoa) baitan talde berria sortzeko eztabaida irekitzeko asmoa dutela ere iragarri diete.

«Lehen hartuemana izateko bileraren balorazio baikorra egiten dugu. Haserako elkarrizketak gogorrak izan dira, konpetentzia ministerialen eta Lege Dekretuaren gaineko argudioak prestatuta etorri direlako, baina segituan egin dute bat pandemian sektorea izaten ari den zailtasunekin eta arazo estrukturalekin. Arlo horietan, sentiberatasuna adierazi dute», azaldu dute Alerta Rojatik.

Bidea «irekita», plataformatik irailaren 29ko 30/2020 Lege Dekretuaren «analisi sakona» eta sektorearen datu ekonomikoen azterketa egingo dituztela adierazi dute, eta ministerio ezberdinekin biltzen jarraituko dutela ere ziurtatu dute.