NAIZ

Eskola publikoa 670 irakaslerekin indartuko duela ziurtatu die Lakuako Gobernuak sindikatuei

Lakuako Hezkuntza Sailak Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikastetxe publikoetako irakasleen plantilla 670 irakaslerekin indartuko duela adierazi die sindikatuei gaur izandako bileran, abuztuan iragarri zuena baino gutxiago. Sindikatuek bilera informatiboa baino ez dela izan salatu dute.

EAEko Hezkuntza arloko sindikatuen mobilizazioa. (Jon URBE/FOKU)..
EAEko Hezkuntza arloko sindikatuen mobilizazioa. (Jon URBE/FOKU)..

Asteazken honetan Lakuako Hezkuntza siala ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGTrekin bildu da Irakasle Funtzionarioen Mahai Sektorialean. Foro hori sindikatuek deitutako azken mobilizaziotik bost egunera bildu da.

Bileran, Xabier Aizpurua Hezkuntza sailburuordeak sindikatuei esan die 670 irakasle kontratatuko dituztela ikastetxeen eskaerei erantzuteko, eta ikastetxeen araberako banaketa zehaztu die, Nagore Iturrioz Steilaseko ordezkariak azaldu duenez. Lakuak abuztuan mila irakasle gehiago kontratatuko zituztela esan zuen.

Hezkuntza sailaren arabera, banaketa-irizpideak, alde batetik, ikastetxeetako zuzendaritzen eskariei erantzuten die, Bildarratz sailburuak eta bere taldeak zuzendariekin egindako lurralde bileretan jasotakoei. Gainera, Aizpuruak dioenez, «zailtasun handienak dituzten ikastetxeetako hezkuntza-arrakala saihestea edo murriztea, ikasgelako ratio handienak dituzten ikastetxeei baliabideak esleitzea eta aurreko bi irizpideetako bat ere betetzen ez dutenei gutxieneko laguntza gehigarria ematea» bilatzen du.

Hezkuntza Sailak astelehenean zuzendaritzetara bidalitako gutun batean jasotzen denez, nahiz eta irakasle horiek hasiera batean euskarazko irakaskuntza indartzera eta digitalizazio beharrei aurre egitera zuzenduta egon, ikastetxe bakoitzak erabaki dezake zein diren «lehenetsi nahi diren irakaskuntza profil gehigarriak». Gainera, eskola bakoitzak zehaztu behar du zer lanaldi mota behar duen (osoa edo zatikatua) kasu bakoitzean.

Sindikatuen ikuspuntua

ELAk gaurko bileran Hezkuntza Sailak «pandemiaren kudeaketa osoan erakutsi duen jarrera bera erakutsi duela» salatu du.

«Jada aldebakarrez hartuta zituen, eta komunikabideen bitartez ezagutzera emanak zituen erabakien berri ematera mugatu da, sindikatuoi, segurtasuna zein hezkuntza bermatzeko irizpide, neurri zein baliabideen inguruan negoziaketarako betarik eman gabe», adierazi du ELAk ohar baten bidez.

Gainera, Hezkuntza Sailak egindako planteamendua «partziala izateaz gain», proposatutako neurriak zein baliabideak «eraginkortasun erreala bilatzetik baino, partxeo eta propagandatik gertuago daudela» adierazi du.

Hori dela eta, ELAk berriro eskatu dio Hezkuntza Sailari plangintza integrala negoziatzeko, «sindikatuen eskaerei erantzungo dieten» planteamenduekin, eta ikastetxeetako arazoak salatu eta iraultzeko beharrezkoak diren mobilizazioak eta ekimenak abiaraziko dituztela ziurtatu du.

LAB-ek gaurko bilera sindikatuok aurrez aurreko itzulera seguru eta adostu baterako eskatzen zuten negoziaziotik «urrun» egon dela adiera du ere bai. Gainera, 670 irakasle berriak ikasle-sistemaren egungo egoera hobetzeko «nahikoak ez direla» adierazi du, eta «adabakitzat» jo du.

Horren aurrean, planifikazio egoki baterako beharrezkoak diren irizpide eta baliabide gehigarriak borrokatzen jarraituko duela adierazi du: «Gainerako sindikatuekin batera ikastetxez ikastetxe eta kolektiboz kolektibo borrokan jarraituko dugu, aurrez aurreko hezkuntza bermatzeko urratsak ematen, langileoi dagokiguna exijitzen eta Euskal Eskola Publiko Komunitariora bidean arrakala guztiak gainditzeko neurri zehatzak proposatuz».

Steilas sindikatuak Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari leporatu dio bilera «informatiboa» egitea, «edukiak negoziatu eta bideratu» beharrean. Hala ere, «hilabete askoren ostean», eskola publikoko irakasleen mahai sektoriala deitzea erabaki izana eskertu du.

Steilasek «negoziazio kolektiborako ezinbestekoak diren gaiak» planteatu ditu, besteak beste, ordezko langileen eta 60 urtetik gorako irakasleen egoera, erretiro baldintzak, ratioak, oposizio eredua eta data edo 2018ko maiatzean sinatutako akordioaren garapena.

CCOO sindikatuak Hezkuntza Sailari eskatu dio bilerekin jarraitzea eta negoziatutako egutegi bat egitea, «konpondu gabe dauden gai guztiei erantzuteko».