Pello Mari Otaño (Zizurkil, 1857-Rosario, Argentina 1910) bertsolariaren obra gaur egungo belaunaldien artean ezezaguna dela iritzita, eta horrekin atsekabetuta, Eguzki Art ekoiztetxeak film luze bat egiteko asmoa iragarri du, ‘Ombuaren itzala’. Bertan jaso nahi dute zizurkildarrean ondarea, izena eta izana. Patxi Bisquert aktoreak gidatutako proiektu hau aurrera ateratzeko, ordea, auzolana abiatuko dute, diru bilketa kanpaina bat, alegia. Ostegun honetan bertan eman dituzte xehetasunak bertsolariaren jaioterrian.
Bisquert-ek NAIZi adierazi dioenez, horrelako egitasmoak bide edo molde arruntetan oinarrituz aurrera ateratzea oso nekeza da, ia ezinezkoa. Horrek bultzatu du ekoiztetxea bide alternatibo bat hartzera. «Zaila da horrelako proiektuak aurrera ateratzea, ‘autore zinema’ deritzona ez dago modan; are gehiago, hiltzear dago, egungo ekoiztetxe eta plataforma handiei ez baitzaizkie batere interesatzen horrelako istorioak. Horrelako gidoi bat zakarrontzira botako lukete», tamaldu da.
Eguzki Art zinema ekoiztetxearen lehenengo lana izango litzatekeenak bide luzea du aurretik, baina ilusioz beterik eta «gogotsu» daudela berretsi dute. «Film bat ekoiztea ez da gauza zaila, dirua badago noski, baina Eguzki Art zinema ekoiztetxean hori da arazoa. Baina ausartak garenez eta herrigintzan konfiantza dugunez, herritarren eskuetatik babesa jasotzea espero dugu». Zizurkilen aurreratu dutenez, diru bilketa 30.000 sarreren salmentaren bidez egitea da asmoa, 10 euroan. Ekoizpenaren beste zati bat mezenasgo legearen bidez ekarpenak jasoko dituzte eta espero dute, modu paraleloan, diru laguntza publikoaren bat eskuratu ahal izatea.
Zizurkiletik Argentinara
Pello Mari Otaño Errekalde baserrian jaio zen, Zizurkilen, 1857an. «Bertsolari fina zen, eta bakana bere garaiko bertso tradizioan, eta oso oso berezia edozein ikuspuntutik begiratuta. Poesia ere landu zuen eta 19 urterekin, azken karlistada amaitu ondoren, baporea hartu zuen lehen aldiz, ihes eginez. Askok diotenez, soldaduska ez egiteko, intsumiso bat beraz», kontatu du anekdota gisa Bisquertek.
Argentinara alde egin zuen, baina lehen egonaldi hark ez zuen gehiegi iraun eta Euskal Herrira itzuli zen, baina hemen ere denbora gutxiz gelditu zen. Berriro ozeanoa zeharkatu eta Argentinara bueltatu zen.
Urte batzuk hasi zen proiektua kozinatzen, eta pixkanaka pixkanaka emandako urratsekin heldu dira puntu honetara. Bisquertek ez du aipatu gabe utzi nahi izan, tristuraz, bidean galdu duen lagun bat: ekoizpen lanetan alboan izan zuen Juanba Berasategi.
Lana ez da dokumentala izango, fikziozko film luzea baizik, eta dagoeneko aktore batzuk aukeratuak daude. Momentuz aurreratu dute Bisquert bera jarriko dela Otañoren azalean. «Herrialde hura izugarri gustatu zitzaion, baita bertako arbola bat, ombua. Bigarren egonaldi hark iraupen luzea izan zuen, urte dezente pasako baitira berriro, bigarrenez, etxera itzuli zen arte. Eta hor hasiko gara istorioa kontatzen. Azken arnasaraino eramango gaitu filmak, ziur aski Otañoren urte emankorrenak izan ziren azken hogei urte haietara, 1890tik eta 1910era. Urte oso garrantzitsuak izan ziren gure gizartean. Foruak desagertzeak kalte izugarriak eragin zituen Euskal Herrian, gure ekonomia hankaz gora zegoen eta egoera politikoa ere aztoratuta zebilen. Industria guneetan ideia sozialistak indartuz doaz eta euskal aberztaletasuna gorpuzten hasten da», laburbiltzen du Bisquertek. 1899an Otañok azken baporea hartu zuen, eta hamaika urte geroago zendu zen, Argentinan.
Bisquerten hitzetan, «filmatzeko urte zoragarriak izan arren, gure zinegileen aldetik oso gutxi tratatu den aroa izan da».
Otañoren obra eta bizitza ahanzturatik atera nahi du proiektuak, horregatik belaunaldi berriei eskainitako tresna izatea du helburu. «Zenbat gauza eder utzi ditugun bidean! Tartean Otañoren koplak –dio–. Mutil-neskato koxkor guztiek kantatzetik, ia ahanzturako bidean dugu gaur egun, eta gauza tristea. Hori erreparatzea dator ‘Ombuaren itzala’, Otañok merezi duen ikusgarritasuna ematera dator, gure kulturan hain mirestua izan denari, herri honek zor dio».
Gaur egungo gazteen artean Otañoren obra eta bizitza ezagutzera ematea den bide horretan, amaituta dagoenean eskola publikoaren sarean eskaintzea da asmoa, eta gutxienez 60.000 ikaslek ikusi ahal izango dute eskola orduetan. «Hau da guk aukeratu dugun bidea, hori da gauzak herrigintzan egitea, herriak inbertitzen duena, herriari itzultzea».
Dena ondo bidean, grabaketa lanak datorren apirila eta maiatza artean abiatu nahi dituzte, Argentinan, ondoren Euskal Herrian segitzeko. 2022ko Zinemaldirako amaituta egotea espero dute eta, bitarte horretan, bi urteko auzolan kanpaina bizirik mantentzea da erronka. Herriz herri sustatuko dute egitasmoa eta herri mailako jarraipen taldeak ere antolatzea da asmoa.