NAIZ

Plateruena ixtearekin batera euskarak arnasgune erreferentziala galduko duela ohartarazi du EHEk

Durangoko Plateruena ixtearekin batera euskarak «arnasgune erreferentziala» galduko duela salatu du EHEk aretoaren aurrean egindako elkarretaratzean. Itxiera euskararen eta euskal kulturaren egoera «kezkagarriaren» adierazle dela ohartarazi du.

EHEren elkarretaratzea Plateruena atarian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)
EHEren elkarretaratzea Plateruena atarian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Arduraturik agertu dira larunbat honetan Euskal Herrian Euskarazeko (EHE) kideak Durangoko Plateruenaren aurrean egin duten elkarretaratzean, kafe antzokiaren itxiera euskararentzat eta euskal kulturarentzat albiste «zinez tristea» dela uste baitute. Plateruenaren itxierarekin euskarak arnasgune erreferentziala galtzeaz batera euskal kulturarentzat «oso garrantzitsua» den azpiegitura ere desagertuko dela uste du.

Plateruenaren itxiera covid-19aren pandemiak larriagotu dituen baina aurretik ere bazeuden egiturazko eraldaketa sozial, kultural, teknologiko, ekonomiko eta politikoei eskutik helduta datorrela uste du EHEk eta itxiera eraldaketa horiei aurre egiteko herri eta hizkuntza-komunitate bezala «beharrezkoa dena egitean ari ez garenaren sinbolo gisa» ikusten ditu.

«Euskararen normalizazio prozesua ez doa ondo. Ez, ez doa ondo. Hamarkada daramagu bidegurutzetik atera nahi eta ezinean. Asko da aurreratutakoa, bistan da, baina bertan ditugun garai mehatxagarriek dakartzaten erronkei aurre egiteko beste dimentsioko neurriak behar ditu euskarak», nabarmendu du, eta epe motzean euskararen normalizazioan jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa eragingo duten erabakiak hartzea ezinbestekotzat jo du. «Plateruena bezalako arnasguneetan euskarak eutsi ahal izango dio epe batez, baina jauzi hori egin ezean, arnasgune horiek euskaldunen erreserbak bilakatuko dira, eta lehenago ala beranduago, horiek ere erdaren ozeanoan desagertuko dira», ohartarazi du.

Euskal kulturgintzaren egoera «zaurgarria»

EHEk euskal kulturgintzaren egoera «zaurgarriari» ere egin dio erreferentzia. Bere hitzetan, aurrez ere «kezkagarria» zen egoera okertu egin du pandemiak eta «kinka larrian» utzi du euskal kultur sortzaileen eta kultur azpiegituren egoera. Besteren artean, instituzioen laguntzak «huskeriara» mugatu eta «limosna kutsua» hartu dutela edota euskarazko sorkuntzei hedabide publikoetan duten «ikusezintasuna» salatu du.

Hala, instituzioei «behingoz gure hizkuntza eta kulturaren aldeko neurri estruktural eraginkorrak» har ditzaten exijitu diete. «Ez da hitz politen edo eraginik gabeko neurri sinbolikoen garaia. Euskalgintzarekin eta kulturgintzarekin parez pare eseri, diagnostikoa partekatu eta egoerak eskatzen dituen tamainako neurriak adosteko garaia da. Euskararen alde egotetik euskararen alde beharrezkoa dena egitera igarotzeko unea da. Euskara eta euskarazko kultura erdigunean jartzeko garaia da», aldarrikatu du.

Bide horretan, euskaltzaleoi «altxatu eta kalera ateratzeko» deia egin diete, «instituzioak presionatzeko eta herri eta hizkuntza-komunitate gisa galbidera garamatzaten joera linguizida eta uniformizatzaile horiei aurre egiteko. Beste garai batzuetan egin bezala, euskaltzaleok gure hizkuntza euskara eta euskal kulturaren defentsan aktibatzeko garaia dugu».