Euskal Herriko Bilgune Feministak Emakume* Abertzaleen VIII. Topaketa Feministak aurkeztu ditu gaur. Abenduraren 12an Oreretan egingo da aurtengo edizioa ‘Araka ditzagun gure bazterrak, lanbroak ezkutatzen dizkigunean’ lelopean.
9.30ean harrera izango da, ostean 10.30ean, eguna mahainguru zabal batekin hasiko da: ‘Lurralde askeak, bizitza askeak. Hizkuntza, nazioa, arraza eta zapalkuntza kolonialen arteko intersekzioan’ Ondoren, eztabaidan sakontzeko dinamika parte-hartzaile baten bidez, entzundakotik, aukerak eta erronkak definitzen hasiko dira.
Arratsaldean, 17.00etatik aurrera, tailer, eztabaida eta hitzaldi ezberdinetan parte hartzeko aukera izango da: territorioaren defentsa, euskararen inguruko hausnarketak, gure iraganaren hausnarketak, gure arrazakeria biluzteko praktikak, internazionalismoa, gorputzak eta desirak, transnazionalak...
19.30ean, bukatzeko, ekitaldi nagusia egingo da Herriko plazan.
Koronabirusaren osasun krisia dela eta, aforoarekin eta segurtasun neurriekin zorrotzak izango direla adierazi dute antolatzaileek eta Oreretako udalaren laguntzarekin hainbat espazio erabiliko dituzte denontzako lekua bermatuz.
Izen ematea azaroaren 2an hasiko da eta bi asteko tartean egongo da zabalik. Sareetan eta gure webgunean izango da erregistratzeko aukera.
Inflexio puntua
«Inpultsua hartzeko pausa txiki bat da hau, esan bezala; inflexio puntu bat. Patxadaz, arduraz eta ilusioz osatuko duguna. Bizitza eta lurralde askeen defentsan jarraitzeko, indartuko gaituen pausa. Araka ditzagun, arakatu, gure bazterrak», adierazi dute.
Aurkezpenean adierazi dutenez, Bilgune Feministaren sorreratik sexu-genero, klase eta nazio zapalkuntzek eragindako errealitateak eta bizipenak mahaigaineratu dituzte: matxismoa; prekarietatea; gure herriak bizi duen ukazioa; gure kulturak, ondare naturalak edota hizkuntzak pairatzen dituzten erasoak…
«Oraingoan ere, gure bazterrak arakatu nahi ditugu. Izan ere, azken hamarkadetan, euskal jendarteak bizi dituen migrazio prozesuek, zein errefuxiatuen krisiak, erronka berriak ezarri dizkiete bertako erakundeei eta eragile sozial guztiei, baita Mugimendu Feministari ere. Gure baitan iraunarazten den arrazakeria instituzionala eta soziala eraistea premiazkoa da» adierazi dute.