Nafarroako pobrezia eta desberdintasunen IV. txostena, urtero Eskubide Sozialetako Departamentuko Errealitate Sozialaren Behatokiak egiten duena, aurkeztu dute gaur. Urriaren 17an Pobrezia desagerrarazteko nazioarteko eguna ospatu ohi da eta horren baitan plazaratu dute txostena.
Bertan azaltzen denez, «pobrezia larrian» zeuden 48.866 herritar izatetik, 36.911 izatera igaro da Nafarroa. Hau da, 11.955 herritarrek gainditu dute 2019 «pobrezia larria», populazioaren %7,6 izatetik, %5,7ra jaitsiz. Nafar Gobernuak aurkeztu duen pobreziaren inguruko txostenaren arabera, Nafarroa da Estatu mailan egoera onena duen herrialdea.
Era berean, Gini koefizientearen arabera, errenta banaketa berdinagoa duen lurraldea da. Koefiziente honek lurralde bateko soldata ezberdintasuna neurtzen du. Hots, koefizientea gero eta altuagoa izan, berdintasun gutxiago. Honen arabera, Nafarroako azken datuek 24,3ko koefiziente bat igortzen dute, espainiar Estatuko batezbestekoa 33 denean. 0 izango litzateke erabateko berdintasuna. Azken hamarkadan bost puntu baino gehiago jaitsi da zenbaki hau.
S80/S20 koefizientearen arabera, Nafarroa, Estatu espainolean, desberdintasun gutxien duen lurraldea da, 3,8 batekin Estatuaren 5,9ko batezbestekotik nabarmen behera. Neurri honetan 0,3 punto jaitsi da Nafarroa azken urtean.
Hala ere, txostenak argi uzten du Nafarroako ipar eta hegoaldearen arteko desberdintasuna populazioaren errenta kontuan hartuta. Pobrezia larriaren tasa, oro har, %11,2koa baldin bada, aldeak nabarmenak dira zonalde bat eta bestearen artean. Ipar-mendebaldean tasa hori %7,6koa da eta Tuteran, adibidez, %15,8koa.
Lanak iturri desberdinetako datuak ateratzen ditu aztertzeko. Zehazki, Estatistikako Institutu Nazionaleko (INE) Bizitza Baldintzen Inkestatik, autonomia erkidego desberdinen arteko alderaketa egiten duena. Baita (Na)Statek biltzen dituen datuetatik ere, populazio talde desberdinen arabera banatzea ahalbidetzen duena eta analisi zehatzagoa eskaintzen duena.
Koronabirusa
Kasu honetan ere osasun krisiak izan du eragina. Eskubide Sozialen kontseilari den Carmen Maeztuk adierazi duenez, «koronabirusaren krisiak bere eragin ekonomiko eta soziala izan du, zeinari hurrengo hilabete eta urteetan erantzun beharko diogun».
Zentzu horretan bizitzeko gutxieneko errenta «ezinbestekoa» dela iritzi dio, honi aurre egin nahi baldin bazaio. «Lehen garrantzitsua baldin bazen, orain ezinbestekoa da pobrezia larriaren aurkako babes gisa, inor atzean gera ez dadin».