Zorion hitzak nagusitu dira Ipar Euskal Herriko ordezkari politiko eta eragile anitzen artean, frantziar Hezkuntza Ministerioak Hiriburuko haur eskolako murgiltze ereduari ezarri zion debekua atzera bota ostean. Zabaldutako mezuen arabera «lan bateratua» eta mobilizazioa izan dira «garaipen» hau eskuratzeko bitarteko nagusiak.
Jean-Rene Etchegarayk, Euskal Elkargoko lehendakariak, lehen aldiz mezu bat euskaraz txiokatu du eta honakoa adierazi du Twitter bidez: «Errektoreak gaur arratsaldean iragarri du eskola publikoan euskaraz murgiltzeko klaseak onartzen dituela. Erabaki hori oso berri ona da hizkuntza sustatzeko. Eta guztion mobilizazioaren eraginkortasunaren froga».
Max Brisson senatariak, ostera, «hautetsi eta gurasoen mobilizazio eta determinazioak ordainduak izan dira», azpimaratu du. Denise Saint-Pé senatariak ere Anne Bisagni, Akitania Berria Eskualdeko akademia ikuskariak hartutako erabakiarekin «bat egiten» duela jakin arazi du.
Mathieu Berge, Akitania Berriko eskualde ordezkariaren esanetan, «asteetako tentsioen ostean, kontsentsu soziala, instituzionala eta politikoa itzuli dira». Eta Vincent Bru diputatuak, bere aldetik, Bordeleko Hezkuntza ordezkaritzak iragarritako erabakiarekin «oso pozik» dagoela aitortu du.
Hots, EH Baik argitaratu duen agiriaren arabera, «errektorearen posizio aldaketa hau elkartasunari esker lortu da». Alderdi abertzlearen aburuz, «berri honek argi uzten du, denek baturik borrokatzen garenean, indartsu, Pariseri aurre egiteko gai garela».
Murgiltze eredua sustatzen jarraitu
«Zorionak! Lortu dugu Hiriburuko murgiltzea defenditzea», nabarmendu du Seaskak. Hain zuzen ere atzo Parisko Senatuan izan ziren Seaskako ordezkariak Alsazia, Ipar Katalunia, Okzitania eta Bretainiako elkarteekin batera osatzen duten Eskolim erakundeko kide gisa. Gainontzeko taldekideekin batera,30 senatari eta diputatuei murgiltze ereduaren nondik norakoak azaldu zizkieten.
Peio Jorajuriaren iritiz, «irabazi dugu frente amankomuna genuelako. Parisek ulertu du lurralde oso baten hautua dela murgiltze eredua eta ohartu dira haien argudioekin hemen jokoz kanpo direla». Hala ere, etorkizunari begira lanean jarraituko dutela ere jakinarazi du Seaskako lehendakariak: «EEPren rola onartu du Hezkuntza Ministerioak, baina hurrengo hilabeteetan ikusiko dugu jarrera aldaketa puntuala izan den edo orokorra den, edonola ere, guk lanean jarraituko dugu pausu bat aitzina eman eta lehen hezkuntzan ere eskola elebidun guztietan murgiltze eredua ezartzeko».