Ane URKIRI

Elx bezalako arerio zuzen baten aurka porrota jaso du Alavesek Mendizorrotzan (0-2)

Alavesek porrot berri bat jasan du igande honetan Elxen aurka galduta (0-2). Bi taldeak lau punturekin iristen ziren norgehiagokara −Elxek bi neurketa gutxiago jokatu ditu− eta Pere Millak atsedenaldiaren aurretik eta Morentek neurketaren hondarren egindako golei esker gailendu dira Alacantekoak. [Partidako xehetasunak]

Lejeune Millaren presioari ihes egin nahian. (Raul BOGAJO / FOKU)
Lejeune Millaren presioari ihes egin nahian. (Raul BOGAJO / FOKU)

Alaves minutu onenak jokatzen zebilen bitartean, Elxek kolpe galanta eman dio Pere Millaren golarekin eta ordutik, nekez erreakzionatu du etxeko taldeak. Aurretik ere kosta zaio aukera argiak eraikitzea, nahiz eta zelai erdian zenbait baloi erabakior lapurtu dituen.

Jota Peleteirok debuta egin du Alaveseko elastikoarekin eta kalitatea eskaini dio erasoan zein zelai-erdian. Galiziarra oso ondo ulertu da taldekide dituen beste bi galiziarrekin, Joselu eta Lucas Perezekin, baina bi aurrelariek ez dituzte gol aukera garbirik erdietsi. Azken pase horretan oso kamuts aritu dira etxekoak, jada ohikoa dirudien legez.

Battaglia, Pons eta Jota ondo ulertu dira presio altua egiterako garaian eta minutuak aurrera joan ahala, beraien lekua ondo hartu dute Mendizorrotzako berdegunean. Baloiak lapurtu eta lapurtu aritu dira, segidan hegaletara irekitzeko, Edgar Mendez eta Adrian Marinen bila. Hauen erdiraketek, ordea, badute zer hobetu.

Estrategia jokaldietan Ximo Navarrok zein Rodrigo Elyk bi gol aukera on galdu dituzte eta 15. minutuan Pere Millari baliogabetutako gola arrisku faktore bilakatu da Alavesentzat. Pere Milla bera arrisku faktore izugarria izan da eta azkenean bere saria eduki du Elxeko aurrelariak, berak hasitako jokaldia bikain amaituz.

Motzean jokatzera tematua zirudien Almironen taldea baina Glorioso ezustean harrapatzea otu zaio Badiari. Millak ederki jaitsi du atezainaren baloia, Fidelekin konektatut du, honek Tete Morenteri zabaldu dio baloia eta elegantziaz defentsa atzean utzita, Milla bilatu du area ertzean. Honek ez du hutsik egin Pachecoren aurrean, neurketako lehen gola eta garaipenaren bidea ireki duena eginez.

Kontuak argi Elxek

Almironek hasieratik egin du apostu bost jokalariko defentsa lerroarengatik baina hau are nabariagoa izan da bigarren zatian, zeinean Alavesen erasoari pazientziaz heldu dion, kontraerasoan, Milla eta Morenteren bitartez, pare bat ezusteko emanaz.

Machinek, ordea, hiruko defentsa lerroa zena lau izatera pasa du Laguardia Lejeunen ordez zelairatuz eta Adrian Marin ezker hegaleko defentsa gisa jarrita. Granadan funtzionatu zion sistema aldaketak, ordea, ez dio emaitza onik eman seigarren jardunaldi honetan eta Lucas eta Joseluk eraikitako jokaldi batez aparte, arrisku gutxirekin heldu dira Badiaren ate ingurura.

Hori ez ezik, baloi jabetza ere galdu egin du Alavesek, nahiz eta Machinek Pina zelairatu duen Jotaren ordez, zelai erdian indar gehiago egiteko asmoz. Borja Sainz eta Javi Lopezen zelairatzeek ez dute gehiegirik hobetu Edgar eta Adrian Marinek egindakoa.

Egoera laburbiltzeko datu ona izan ohi da atera zenbat jaurtiketa egiten diren eta babazorroek bakarra egin dute 90 minutuan. Elxek ere ez ditu askoz gehiagorik egin (hiru, orotara) baina bitan asmatzea lortu dute. Orotara errematea gehiago egin ditu etxeko taldeak (12) baina argitasun gehiago izan dute kanpokoek, sei jaurtiketa egin, horietatik hiru atera bideratu eta bi gol egin baitituzte.

Nekez aurkitzen du erreakzioa

Iazko denboralditik luzatzen ari den egoera da Alaves galtzen hasten den partidaro asko kostatzen erreakziorako gakoa aurkitzea eta defentsako lanak albo batera uzteak nahi −edo komeni− baino ezusteko gehiago eman izan dizkio.

Millak 0-2koa egiteko aukera paregabea izan du, Elyren despiste baten ondotik eta etxekoei bukaera arte bizirik egoteko aukera eman zion, Alavesek bigarren bizitzako aukera hori probestu ez badu ere. 

Sainz, Navarro eta Joseluren artean eraikitako jokaldi azkarra gutxigatik joan da kanpora neurketa bukatzeko hamar minuturen faltan eta bigarren aukera hori aprobetxatu ez izanagatik, Morentek neurketa amaitutzat eman duen gola egin du 87. minutuan.  

Alavesek laugarren neurketa galdu du denboraldi hasera honetan eta Elxek, bi neurketa gutxiago jokatuta, bigarren garaipena eskuratu du, hau ere Euskal Herrian (Ipuruan irabazi zuen lehen norgehiagoka).