EH Bilduk ez du onartuko Toledoko Ituneko akordiorik pentsiodunen mugimenduak azken hilabeteetan egindako aldarrikapen nagusiak kontuan hartzen ez diren bitartean. Ezkerreko indar subiranistak muturreraino defendatuko ditu pentsiodunen kolektiboek luzatutako eskaerak. Honako hauek izango dira: pobreziaren mugatik gorako pentsioak lortzea, erretiro adina 65 urtera jaistea, jasangarritasun faktore bidegabea behin betiko indargabetzea eta pentsio osoa jasotzeko kotizazio aldia 35 urtetik 37 urtera ez luzatzea, besteak beste. «Haien aldarrikapenak Madrilera eramateko konpromisoa hartu genuen pentsiodunen mugimenduarekin, eta hala egingo dugu azkeneraino», nabarmendu du Iñaki Ruiz de Pinedo diputatuak.
Atzo bertan, Bizkaiko pentsionistek eskaera zuzena egin zioten alderdiei Toledoko Itunaren baitan izandako aurreakordioa ez babesteko, euren aldarrikapenekin bat egiten ez duelako.
Pobrezia mugaren azpitik pentsiorik ez izatea exijituko du gaurko batzordean Toledoko Ituneko EH Bilduren bozeramaileak. Berme eta konpromiso argiak nahi ditu Ruiz de Pinedok, ez ekintzarik gabeko hitzak: «Horretarako, Europako Eskubide Sozialen Gutunaren irizpideak eta parametroak ezartzea galdegiten dugu, pentsioen gutxieneko kopurua inguruko familia-errenten %60an finkatzen baitu. Irizpide horiek aintzat hartuko balira, gutxieneko pentsioa hilean 1.080 eurokoa izango litzateke Hego Euskal Herrian».
Pobreziaren mugatik behera
Gaur gaurkoz, Toledoko Ituneko aurreakordioak ez du pobreziaren mugatik gorako pentsioak bermatzeko konpromiso irmorik jasotzen. Hala ohartarazi du Ruiz de Pinedok: «Pentsioak, azkenean, KPIaren arabera eguneratuko direla onartzen du Toledoko Ituneko testuak, baina oraingoz ez du inolako neurririk aurreikusten pentsio baxuenen erosahalmena hobetzeko, batez ere gutxieneko soldata baino baxuak diren pentsioetan. Pentsio baxuenak gaurkotzeko eta pobreziatik ateratzeko balio erreferentziala izan beharko luke gutxieneko soldatak».
Era berean, EH Bilduk jasangarritasun faktore bidegabea behin betiko ezabatzeko eskatuko du gaurko saioan, pentsiodunen erosahalmena gehiago ez murriztu ez dadin, are gehiago krisi soziokonomiko bete-betean murgilduta gaudela aintzat hartuta. Bestetik, erretiro adina 67 urtera arte luzatzeko asmoak atzera botatzeko exijituko du, berriro ere 65 urtean ezartzeko. EH Bilduk «lehentasunezkotzat eta premiazkotzat» pentsio osoa jaso ahal izateko ezinbestekoa den kotizazio-aldia 35 urtetik 37 urtera ez luzatzea. «Aurre-erretiroei dagokienez, 40 urteko kotizaziotik aurrera pentsioaren %100 erreparorik gabe jasotzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, bereziki borondatezkoak ez diren kasuetan», gaineratu du.
«Horiek dira, finean, bai Euskal Herriko eta baita Espainiako Estatuko pentsiodunen mugimenduak helarazten dizkiguten eskaera eta kezka nagusiak. Aldarrikapen zentzudunak, bidezkoak eta, batez ere, atzeraezinak. Une honetan Toledoko Itunaren zirriborroak alde batera uzten dituen funtsezko elementuak», Ruiz de Pinedoren aburuz. EH Bilduko diputatuak egungo testuaren "anbiguotasuna eta zehaztasun falta" salatu ditu, pentsiodunen mugimenduaren aldarrikapen nagusiak alde batera uzten dituelako. Halaber, pentsioak duintzeko ezinbesteko puntuetan konpromiso zehatzak falta direla ohartarazi du. «Gabezia handiak ditu adostutako testuak. Pentsiodunen eskaerak ez dira kapritxo bat. Ez dira ilargia eskatzen ari; beren eskubideak lehenbailehen errespetatzea eta bermatzea besterik ez dute eskatzen. Urteak daramatzate kalean borrokan eta mobilizatzen. Ezin dute gehiago itxaron», azpimarratu du Ruiz de Pinedok.