NAIZ

Bilbok eta Iruñeak hartuko dute Zinetika jaialdiaren azken txanpa

Hilaren 23an ekin zion bideari aurtengo Zinetika jaialdiak, Donostiako Tabakalera zentroan. Gaur eta bihar Bilbora egingo du salto, eta asteburuan Iruñean amaituko da bosgarren edizioa. Denera 24 film ikusi ahal izango dira, lau sailetan banatuta: Sail Ofiziala, Open Screen, Zinetiks eta Dokumentala. Horretaz gain, hainbat ekitaldi paralelo ere iragarri dituzte; horien artean, bi performance, bi masterclass eta tailer bat.

«Atnight» filma ikusi ahal izango da, beste batzuen artean, Zinetika jaialdian. (NAIZ)
«Atnight» filma ikusi ahal izango da, beste batzuen artean, Zinetika jaialdian. (NAIZ)

Zinetika Jon Mayak eta Pablo Iraburuk eskainitako masterclassarekin abiatu zen Tabakaleran. Bertan “Bizimina” filma proiektatu zen. Kukai Dantza konpainiaren eta Arena Comunicacion ekoiztetxearen arteko lankidetza-proiektua da, Donostiako Zinemaldian estreinatu berri den izen bereko film laburra ekarri zuena. Saioa Labo XL jaialdiarekin elkarlanean egin zen.

Ekitaldi bera gaur BilbaoArten egingo da, 11.00etan, eta zinema emanaldia, 19.00etan. Biharko beste proiekzio-saio bat prestatu dute antolatzaileek.

Eta ostiraletik igandera bitartean, Zinetikaren jarduera Iruñeko Baluarten bilduko da. Lehen aldiz jaialdiaren egoitza nagusia izango da, 2019an performance bat hartu ondoren.

Ostiralean (hilak 30), 16.00etan, “Zirrarak beste eskala batean filmatu” masterclassa emango dute Jaco Van Dormael zinemagileak (“Toto le Héros”, 1991, Camera d’Or saria Canneseko Zinemaldian; “Mr. Nobody”, 2009, Veneziako Zinemaldian eta European Film Awards sarietan saritua) eta Michele Anne De Mey koreografoak. Kiss & Cry eta Cold Blood elkarrekin egindako sorkuntzetatik abiatuko dira, ikusleak zirrarak beste eskala batean aurkitzera gonbidatzeko.

17.30ean DNA Sorkuntza 2020 programaren jarduera biltzen duen dokumentala proiektatuko da; programa hori Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritzak bultzatua da. Eta 18.30ean, Zinetikaren beste proiekzio bat egongo da.

Larunbatean, 10.00etan, “Dantzan barneratzeko erronkak” lantegiaren lehen saioa izango da. Becky Siegel koreografoak irakaskuntza-metodologiak egokitzeko lan-ildoak azalduko dizkie dantzako profesionalei, eta sorkuntza-prozesuetako aniztasunaren aberastasuna aztertuko du. 19.30ean, Errioxako El Patio Teatro konpainiak “A mano” performancea egingo du, lokatzez kontatutako istorioa. Azaroaren 1ean (igandea) bukatuko da Zinetikaren bosgarren edizioa. 10.00etarako “Dantzan barneratzeko erronkak” lantegiaren bigarren saioa dago iragarrita, eta 17.00etarako, masterclassa eta “Bizimina”-ren emanaldia.

Ondoren, 19.00etan, Ziomara Hormaetxe Company-k “Biopiracy” performancea eskainiko du, Baluarten, teknologiaren aukera kezkagarrienei eta itxaropentsuenei buruzkoa.

Zinetika Jaialdia plataforma bat da, publikoa dantzara hurbiltzea eta nazioartean hainbat mugimendu-diziplinatako erakundeen eta artisten arteko loturak ezartzea ahalbidetzen duena –diziplina horiek dira dantza, ikus-entzunezko hizkuntza, gorputza eta teknologia–, hausnarketarako eta gizarte-eraldaketarako tresna gisa duen eginkizuna indartze aldera.

Zinetika jaialdia El Trastero Creativo elkarteak antolatzen du. Programatuta dauden jardueren ordutegiak aldatu ahal izango dira covid-19ak eragindako osasun-larrialdiko egoerari aurre egiteko hartutako neurrien ondorioz. Informazio osoa, eguneratuta, jaialdiaren webgunean kontsulta daiteke: www.zinetikafestival.com helbidean.