NAIZ

Lau pertsona atxilotu dituzte, Nizako erasoarekin lotura daukatelakoan

Polizia frantsesak 35 eta 47 urteko bi gizon bat atxilotu zituen ostiralean, ostegunean Nizan izan zen erasoaren egilearekin zerikusia izan dezaketelakoan. Larunbatean beste bi pertsona atxilotu ditu. Hiru lagun hil ziren, bi emakume eta sakristaua, eta ustezko egilea atxilotu egin zuten, tiroz larri zauritu ondoren.

Poliziak Nizako Notre Dame basilikan, gaur goizean. (Eric GAILLARD/AFP)
Poliziak Nizako Notre Dame basilikan, gaur goizean. (Eric GAILLARD/AFP)

35 eta 47 urteko bi gizon atxilotu zituen ostiralean Polizia frantsesak, Nizako Notre Dame basilikan izan zen erasoaren egilearen «konplize» direlakoan, France Presse agentziak iturri judizialak aipatuz berri eman zuenez. Usteko erasotzailearekin kontaktuan egon omen zen, iturri horren arabera. Eta larunbatean beste bi pertsona atxilotu zituen.

Erasoa goizeko 9.00etan izan zen basilikaren barruan. Hildakoak 44 eta 66 urteko bi emakume eta 55 urteko sakristaua dira. Azken hau eta emakumeetako bat elizaren barruan hil ziren, labankadaz. Beste emakumeak, larri zaurituta, alde egitea lortu zuen eta inguruko taberna batera jo zuen laguntza eske, baina bertan hil zen. Poliziak erasotzailea atxilotu zuen, aurrez tirokatu ondoren, eta larri zaurituta eraman zuten ospitalera.

Jean-François Ricard terrorismoaren aurkako fiskalak gauean azaldu zuenez, erasotzailea ez zegoen fitxatuta Polizia frantsesaren artxiboetan.

Esan zuenez, 21 urteko tunisiar jatorriko gaztea da eta Estatu frantsesera irailaren bukaeran iritsi zen, Lampedusa italiar irlatik igarota.

Poliziaren ikerketaren arabera, goizeko 7.00ak aldera iritsi zen Nizako tren geltokira eta han arropa aldatu zuen. Handik Notre Dame basilikara joan zen eta 8.30ak aldera sartu zen. Bertan egon zen, 9.00ak aldera laban batekin erasoari ekin zion arte. «Ala handia da» oihukatu omen zuen, lekukoen arabera.

Gerald Darmanin frantziar Barne Ministroak esan du Estatu frantsesa «gerran» dagoela «ideologia islamistaren» aurka, eta etsaia «barruan zein kanpan» dagoela.

Emmanuel Macron presidenteak atzo iragarri zuen 7.000 militar gehiago aterako dituela kalera datozen egunetan, elizak eta eskoka babesteko.