naiz

Herriz herriko covid-19aren mapa: 51 eremu gorrian daude EAEn, horietatik 32 Gipuzkoan

Azken datuekin alderatuta, asteburu honetan bost udalerri batu dira Lakuak finkatutako eremu gorrira: Aretxabaleta eta Zarautz Gipuzkoan, eta Berango, Etxebarri eta Mungia Bizkaian.

Zarautz eremu gorrian sartu da. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Zarautz eremu gorrian sartu da. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Gipuzkoako 32 udalerrik 14 egunetako metatutako tasan 500dik gora eman dute 100.000 biztanleko eta, ondorioz, eremu gorrian sartu dira. Lakuako Osasun sailak pasa den ostiralean argitaratu zituen azken datuekin alderatuta, Aretxabaleta eta Zarautz sartu dira azken egunetan eremu gorrian.

Zehaztu behar da honek ez duela neurri berezirik eragiten, hasiera bateko erabakia aldatu baita eta EAEko eremu osorako murrizketa berdinak planteatzen direlako. Baina herriz herriko azterketak birusaren hedapena non den azkar eta sakonagoa azaleratzeko balio du.

Kontuan hartu behar da Lakuak soilik 5.000 biztanletik gorako udalerriak hartzen dituela kontuan semaforoen mapa egituratzeko. Hala ere, hamahiru udalerritan salbu, Gipuzkoako gainontzeko herrietan metatutako tasa 500dik gorakoa da.

Lurraldean tasa okerrena daukan udalerria Urnieta da, 100.000 biztanleko 2.989 kasu metatuekin. Tasa hori milatik gora mantentzen duten gainerako udalerriak, halaber, Zumaia, Urretxu, Tolosa, Ordizia, Lezo eta Hernani dira.

Bizkaian, 18 dira eremu gorriko udalerriak, Bilbo barne. Berango, Etxebarri eta Mungia herriak batu dira asteburuan talde honetara.

Bizkaiaren kasuan, Durango eta Ermua dira 1.000tik gorako tasa daukaten udalerri bakarrak, 5.000 biztanletik gorako herrien artean.

Datu hobeak dirudite Arabakoak, soilik Agurain baitago gorriz lurralde historikoko mapan. Alta, Araban, Gasteiz, Laudio, Amurrio eta Agurain dira 5.000 biztanletik gora daukaten udalerri bakarrak; gainontzekoak 5.000 biztanletik behera dituzte eta, beraz, Europar Batasunak onartutako eta Lakuak erabiltzen duen koloreen mapatik kanpo geratzen dira.

Aipatzekoa da, bestalde, Gasteiz eta Laudio eremu laranjatik gorrira sartzeko mugan daudela, 453ko eta 458ko tasekin, hurrenez hurren.