Pasa den urriaren 29an Belharra olatua ikusteko jendea pilatu zen eremu batean lur-jausia izan zen egun horretako arratsaldean. Labarretako plaka goizean jausi izan balitz hainbat lagun berekin eramango lituzke, baina zorionez lekuan inor ez zen unean desegin zen lur zatia. «Desastretik hurbil egon ginen, drama humano bat saihestu dugu», azaldu zuen Philippe Aramendik, Urruñako auzapezak.
Itsasbeherarekin aspaldiko partez agertu zen Belharra olatu famatua ikusteko ehunka lagun pilatu ziren Erlaitzako labarren gainaldean. Estatu frantsesean oraindik ikasleen oporrak zirenez, eta erabateko konfinamenduaren ataritan, olatu munstroa ikusteko ohikoa baino jende gehiago bildu zen. Urruñako auzapeza kexu zen jendeak autoak nonahi utzi eta seguratsun neurriei kasurik egin gabe jardun zuelako.
Aspalditik ari dira adituak ohartarazten Lapurdiko kostaldean itsasoak eragindako higadura hartzen ari den abiada biziaz. Urtean zehar higadurak eragiten dituen kalteak ez dira hain nabariak, pixkanaka eragiten baititu, baina finean egunero ematen ari den higadura da kalte gehien eragiten duena, hau da itsasoaren gorakada, urtero 25 zentimetro egiten baitu gora. Ordea, itsaski handien ostean agerikoago bilakatzen da higadurak kostaldeari eragiten dion kaltea, erortzear ziren haitz plakek erabat desegiteko behar zuten azken bultzada jasotzen baitute.
Météo Pyrénées agentziak Twitter bidez argitaratu dituen irudiak ikusgarriak dira. Satelite bidez hartutako irudietan ikus daiteke Erlaitzan izan zen lur-jausiaren tamaina. Irudietan ikus daiteke gainera, labarren morfologia, hau da, haitz plaka bertikalak osorik zergatik erortzen diren hobeto ulertzeko irudi argigarriak dira.
Corniche d’Urrugne
— Météo Pyrénées (@Meteo_Pyrenees) October 30, 2020
La forte houle des derniers jours, avec notamment le réveil de Belharra, et ses conséquences en images. Un affaissement sous la Corniche entre St Jean de Luz et Hendaye @yanniscarlos #paysbasque #belharra pic.twitter.com/yjT1uTl8Sa
Ez da Belharraren errua
Pasa den urriaren 29an ezohiko itsaskia izan zen eta ehunka lagun bildu ziren Hendaia eta Zokoa arteko Erlaitzan, oso gutxitan agertzen den Belharra urautsia ikustera. Horren ostean, hedabide gehienek lur-jausiak Belharrako olatuak eragindako kalteak direla esaten dute, baina hain justu kontrako efektua egiten du Belharrako urautsiak, kostaldera doazen uhinak itsaso zabalean (itsasbazterretik bi kilometrora) leherrarazten baitu, eta horrela, uhin horiek kostaldera iristen direnerako indar aunitz galdu dute.
Ondorioz, ez ziren Belharrako olatuak izan Erlaitzako eremu bat botarazi zutenak, ipar-mendebaldetik zetozen olatuak baizik. Gertatzen dena da uhinak ez datozela zuzen-zuzenean kostaldera, ipar-mendebaldetik datoz, beraz Belharrako urautsiak balazta egiten dien uhinak Donibane Lohizunera doaz, eta aldiz, Erlaitzako labarretan lehertzen diren olatuak Hendaia aldetik iristen dira.