NAIZ

770 lagunek parte hartu dute jada Hernaniko baheketan, hiru egunetatik lehenengoan

Hernaniar askok erantzun dio Osakidetzak eginiko deialdiari, covid-19ak herrian egin berri duen aurrerakadari aurre egiteko asmoz. Hiru egunez luzatuko da baheketa, baina lehenenengoan jadanik 770 lagunek egin dute proba.

Polikiroldegian ari dira probak egiten, bai eta ikastetxeetan ere. (Hernaniko Udala)
Polikiroldegian ari dira probak egiten, bai eta ikastetxeetan ere. (Hernaniko Udala)

Hernani da covid-19aren hedapena neurtzeko baheketa egiten ari den azken herria. Astelehenean hasi zen eta asteazkena arte luzatuko dira probak.

Lehenengo egunean jada 770 lagun pasa dira Hernaniko baheketatik, eta prozedurak behar bezala funtzionatu duela nabarmendu eta txalotu du Hernaniko alkateak txio batean.

Polikiroldegian ari dira azterketa hauek egiten, baina hitzordua hartzeko Hernaniko osasun-etxera deitu beharra dago (ikasleek ez, ikastetxeetan egingo baitira). Beste herrietan bezala, 13 eta 40 urte bitarteko auzokideak deituta daude neurketa hau egitera.

Osakidetzak behar-beharrezkotzat jo du behaketa hau, azken bi asteotan pilatutako kutsatze kasuak 100.000 biztanleko 1.094 direlako, asteleheneko datuei erreparatuta, bereziki altua beraz.

Hernaniren ondoan dagoen Urnietak du une honetan EAEko tasa altuena; bertan jada egin zuten baheketa. Beasain, Bergara, Azpeitia, Azkoitia, Gasteizko Sansomendi auzoa, Santurtziko Kabiezesen... toki hauetan guztietan ere egin berri dira proba masibo hauek.