Etxepare 2021eko otsailean zabalduko du irakurletza berria Georgiako Tbilisi University-n eta, hori dela eta, azaroren 17an euskara eta euskal kulturako irakurlea hautatzeko deialdia egingo du, 2021-2022eko ikasturtean bertako unibertsitatean aritu dadin, luzatzeko aukerarekin.
Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak nabarmendu duenez, Kaukasoko herrialdeak eta euskal kulturak «harreman handia» dute, baita linguistikoki ere, «ezagunak baitira euskara-georgieraren arteko ustezko antzen inguruko ikerketak».
Horrek guztiak Georgian euskal kultura eta euskararekiko «interes berezia» piztu duela azpimarratu du Larrazak, bereziki Tbilisiko unibertsitatekoekin harremanetan, «hasieratik proaktiboak izan direlako» lankidetza hau sortzeko. «Oso-oso ongietorriak sentitu gara bertan, eta 2019an harremanak hasi zirenetik irakurletza hau sortzeko, erraztasun guztiak eman dizkigute», esan du. Larrazak uste du «oso irakurletza emankorra» izango dela, hango ikasleen aldetik «interes handia» piztuko duena eta «zubi lana» egingo duena euskal eta georgiar kulturen arteko «harremanak sendotu ditzagun».
Irakasleak lanaldi osoko ordukako kontratua izango du (asteko 15 ordu arte jardun akademikoetan), 2021eko otsailean hasi eta 2022ko abuztura arte, eta hala badagokio, luzatzeko aukerarekin. Kontratuaren luzapena urtez urte egingo zaio irakurleari, betiere urteroko berritzea unibertsitateak egindako aldeko txostenera baldintzatuta egonik.
Horretarako, honako baldintzak bete beharko dituzte hautagaiek: unibertsitateko graduko titulua eta 3HE edo baliokidea izatea. Era berean, Euskal Filologia, Euskal Ikasketak edo Itzulpengintza eta Interpretaziokoak (A Hizkuntza: euskara) izatea lehenetsiko da, bai eta euskararen 4. HE egiaztatuta izatea ere. Eskabideak aurkezteko epea 30 egun izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
Irakurlea Etxepare Euskal Institutuak mundu osoan zehar dituen irakurletza sareko parte izatera pasako da: orotara 30 irakurlek osatzen dute sarea, nazioartean sakabanatutako 35 unibertsitate ezberdinetan.