NAIZ

Fant zinema jaialdia hasiko da larunbatean Bilbon, aurrez aurreko eta sareko formatuekin

Bilboko Udalak antolatzen duen Fant Fantasiazko Zinema Jaialdiarem 26. aldia hasiko da larunbatean alondegiko auditoriumean, inaugurazio galarekin eta Steven Kostanki zuzendariaren ‘Psycho Goreman’ filmaren eta Paul Urkijoren ‘Dar-Dar’ film laburraren proiekzioekin. Jaialdiak azaroaren 12ra arte iraungo du, eta, osasun egoera dela eta, aurrez aurreko eta sareko formatuak uztartuko ditu.

Paul Urquijoren ‘Dar-dar’ film laburra ikusiko da hasiera galan. (NAIZ)
Paul Urquijoren ‘Dar-dar’ film laburra ikusiko da hasiera galan. (NAIZ)

Steven Kostanki zuzendariaren ‘Psycho Goreman’ filma eta Paul Urkijoren ‘Dar-Dar’ film laburra iragarri dira hasiera galarako.

Osasun egoerak behartuta, egitarauan aldaketak egin dira. Jaialdia larunbatean hasiko den arren, ostiralean, Azkuna Zentroko auditoriumean, hamar film labur proiektatuko dira, 19.00etan, Euskal Herriko zinemagileen filmak. Hamar lan proiektatuko dira, eta Euskal Film Labur Onenaren Epaimahaiaren Saria (2.000 euro) eta Film Labur Onenaren Publikoaren Saria (3.000 euro) eskuratzeko hautagaiak izango dira.

David Ontoriaren ‘Ahí afuera’, David P. Sañudoren ‘Un coche cualquiera’, Chema Garcia Ibarra eta Ion de Sosaren ‘Leyenda dorada’, Javier Chuecaren ‘Love’, Imanol Ortiz-en ‘Moda’, Oier Fuentesen ‘Mugakoloreak’, Naroa Elkoro, Asier Errazkin eta Egoitz Albisuren ‘Multibertsoa’, David P. Sañudoren ‘La operación’, Iñaki Etxezarraga Erauzkinen ‘Pánico en Artea’ eta Alvaro Vicarioren ‘Polter’ izango dira lehian.

Saioen kopurua murriztu da, eta lehenengo saioaren ordua aurreratu da, 15.30era; hala, 21.15ean amaituko da. Bestalde, bertan behera utzi da azaroaren 12ko amaierako gala, bai eta Alondegiko Golem 2 zinema aretoan 20.45erako programatutako saioak.

Jaialdiak azaroaren 12ra arte iraungo du, eta, osasun egoera dela eta, aurrez aurreko eta sareko formatuak uztartuko ditu. Hain zuzen, Bilboko Udalak jakinarazi duenez, Fant jaialdiak sareko plataforma bat prestatu du (www.fantbilbaoonline.eus), eta ostiraleko 09:00etatik aurrera, hala nahi duenak jaialdiko egitarauaz gozatu ahal izango du.

Zinema aretoetan ere jaialdia ahalik eta seguruen ospatu dadin, erdira mugatu aretoen edukiera, eta ikusleei higiene eta segurtasun neurriak aplikatuko dira. Gainera, gonbidatuen, profesionalen, antolatzaileen eta ikusleen osasunerako arriskua ahalik eta txikiena izan dadin, Fant jaialdiak bertan behera utzi ditu Euskal Herritik kanpoko profesionalentzako gonbidapenak.

Lehiaketarako sail ofizialaren barruan, Film Luze Onenaren (3.500 euro), Gidoi Onenaren eta Zuzendaritza Berritzaileenaren sarietara aurkezten diren hamar filmak ondoko hauek dira: Abner Pastollen ‘A Good Woman Is Hard To Find’, Oscar Martin-en ‘Amigo’, Romola Garairen ‘Amulet’, Joost van Heziken ‘Boy Meets Gun’, Pollyana McIntoshen ‘Darlin’, Rob Savagen ‘Host’, Miguel Llansóren ‘Jesus Shows You Way To The Highway’, Catherine Linstrumen ‘Nuclear’, Ping Lumpraploengen ‘The Pool’ eta Brandon Christensenen ‘Z’.

Euskal film laburrekin batera, beste 12 film labur aurkeztuko dira, eta Film Labur Onenaren Epaimahaiaren Saria eta Film Labur Onenaren Publikoaren Saria irabazteko hautagaiak izango dira.

Gainera, Ikuspegi Fantastikoa atalak aukera emango du Golem-Alhondigako 2. zinema aretoan doako proiekzioak ikusteko, edukiera bete arte. Halaber, Fant Maisuak sailak John Carpenter, Donald Cammell eta Bong Joon Ho generoko maisuak omenduko ditu, beren zenbait lan eskainiz.

Horrekin batera, proiekzio bereziak izango dira, Alex de la Iglesia zinemagile bilbotarraren ‘30 monedas’ izenburuko telesail berria aurkezteko. Gainera, ‘La Comunidad’ filma proiektatuko da, 2020an 20 urte betetzen ditu eta. ‘Parasitoak’ filmaren zuri-beltzeko kopiaren estreinaldiaz ere gozatu ahal izango da.

Zinemaldi osorako bonua 30 eurokoa izango da, eta Golem-Alhondigako txarteldegietan eta zinemaldiaren web gunean eskura daiteke. Saio baterako sarrerak 5 euro balio du, eta Golem-Alhondigako txarteldegietan eta web orrian erosi ahal izango da.