Amalur ARTOLA

Inkomunikazioari adarretatik eusten dion «Erlauntza» filma ostiralean iritsiko da zinemara

Bi urtez Euskal Herriko oholtzak astindu ostean zinemarako egokitzapenarekin dator ‘Erlauntza’. Mireia Gabilondok zuzendu du filma eta, azaldu duenez, ororen gainetik adiskidetasunaren gaineko gogoeta mamitsua aurkezten badu ere, gizakiak berezkoak dituen beldurretan eta gizartetik ezarri zaizkionetan ere arakatzen du. Barre eta negar, bietatik egingo du gogotik ikus-entzuleak.

Filmeko antzezle taldea, Mireia Gabilondo zuzendariarekin eta Kepa Errasti gidoigilearekin batera. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)
Filmeko antzezle taldea, Mireia Gabilondo zuzendariarekin eta Kepa Errasti gidoigilearekin batera. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Sinopsia ezaguna egingo zaio antzerki zaletuari: sei laguneko neska koadrila landetxe batera doa horietako baten ezkon-agurra ospatzera, baina festatzar izan behar zuena emozionalki biluzteko saio bilakatuko zaie. Horixe da ‘Erlauntza’-ren abiapuntua, bi urtez Euskal Herriko aretoetan arrakasta handiz antzeztu den obra eta, ostiralean, Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean, zinema aretoetan estreinatuko dena.

Antzezlanak bezala, komedia kutsu nabarmena du zinemarako egokitzapenak ere, baina tramak hala eskatuta biluzte une dramatikoak ere biziko dituzte antzezleek. Izan ere, Gabilondoren hitzetan, filma ororen gainetik «maitasunaren neba txikia den eta askotan bazterrean uzten den adiskidetasuna»-ren gainekoa bada ere, pelikula beste hainbat gaik ere zeharkatzen dute, esaterako traizioak, amatasunak, heterosexualitatearen arbuioak, onartua izateko beharrak edota bakardadearen beldur eternoak. Gai horien bueltan dabiltza sei protagonistak, oholtzan bezala, zineman ere onena ematen badakitela erakusten duten Aitziber Garmendia, Sara Cozar, Getari Etxegarai, Naiara Arnedo, Itziar Atienza eta Leire Ruiz antzezleak.

«Antzezlana estreinatu genuenean hasi ginen berbetan ondo egongo litzatekeela pelikula bat egitea», azaldu du Gabilondok, eta Kepa Errasti gidoigileak eta biek egokitzapena prestatu bai baina, finantzaziorik topatu ez zutenez, tiraderan geratu zela kontatu du. Konfinamenduak eman die kaxoi hori ireki eta proiektuari berriro ekiteko abagunea eta La Tentación eta Anacronicaren ekoizpenez iritsi da zinemara. «Lagun artean egindako adiskidetasunari buruzko filma da», laburbildu du Gabilondok, eta pelikula hogei lagun pasatxoren artean filmatu zutela azaldu du, hiru astez, lantaldeko arte zuzendaria den Ana Turrilas-ek Bizkaiko Fika herrian duen landetxean. «Denak dira lagunak eta profesional handiak, eta eskertu nahi nieke azaldu duten jarrera, ze gustura egon garen elkarrekin lanean», egin du eskertza eta, esaterako, kontatu du filmerako jatorrizko musikarik sortzea aurreikusia ez bazuten ere, Fernando Velazquezek berak –besteren artean, jatorrizko musika onenaren Goya saria jaso zuen 2017an J.A. Bayonaren ‘A Monster Calls’ pelikulan egindako lanagatik– aurkeztu zuela bere burua soinu banda osatzeko: «Ez zegoen aurreikusia, antzerki obra bezala lau kanturekin egitea aurreikusia genuen, eta begira, azkenean Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin grabatu dugu», esan du. Zuzendari laguntzaile bezala Antton Zabala izan duela ere aipatu du: «Zoragarria izan da zuzendari laguntzaile gisa jardun nahi izatea ni baino askoz film gehiago egin dituenean».

Gidoiaren egilea ere, Kepa Errasti, hunkituta agertu da, «zure burutik ateratzen den zerbait antzerki eta orain film bilakatu delako. Hartu dituzun esperientzia horiek horrela hezur-mamituta ikusteak ilusio handia egiten dit», ziurtatu du.

Filmaketa labur bezain emankorra

Filma euskaraz eta gazteleraz (‘El enjambre’), bietan filmatu dute hiru asteko epean. Aitziber Garmendiaren hitzetan, eszenatokitik zinemarakoa «erregistro aldaketa bortitza» izan bada ere, filmaketa bikoitza «horren denbora gutxian egitea posible izan da obrarekin bi urte daramatzagulako eta pertsonaiak oso barneratuta ditugulako». Garmendiak Leireren rola jokatzen du, ezkontzera doan lagunarena: «Aizto biko labana da, [‘Grease’ filmeko] Sandy izaten hasten da eta makarra bat izaten amaitzen du», aurreratu du. Izaera gozoagoa du Sara Cozar-en pertsonaiak, «inozentzia handikoa da eta asko gustatzen zait nola maite dituen lagunak bera beti ezberdin sentitu bada ere», esan du antzezleak.

Leire Ruiz, bere aldetik, hunkituta azaldu da, «nire burua pantaila handian ikusten dudan lehen aldia delako eta ekoizpen honek eszenatokiaren barruan eta kanpoan, bietan lagun egin gintezen bideratu duelako». Filmaketaz, «exijentea» izan dela ziurtatu du, «egun guztia ematen genuelako bertan eta hori ez da ohikoa, baina horrenbeste maitasunez inguratuta egon garenez erraza izan da».

Bere pertsonaiaz, «dibertigarria» izatea eta «bere sekretua askatzen duenean hartzen duen lasaitua» nabarmendu ditu Ruizek eta Naiara Arnedok, aldiz, «bizitzan trabarik ez izatea eta zuzena izatea» jarri ditu balioan bereaz. Getari Etxegaraik antzekotasunak sumatu ditu bere eta bere pertsonaiaren artean, «ez baitu bilorik mingainean», eta Itziar Atienzarenak, antzezlearen hitzetan, «ezin du onartu berak sekretu bat gordetzen duen artean besteek horren energia positiboa izatea; hori gertatzen denean, biluztea beste aukerarik ez du».

Amaitzeko, Etxegarairen azaldu du film honek euren lana kanpotik ikusteko aukera ere eman diela. Esperientzia, bistan da, baikorra izan da: «Aretoan ez dugu horretarako aukerarik eta maiz esan izan dugu, guk ere publikoa izan nahi genuela, gure burua eserlekutik ikusi. Orain aukera izan dugula, gozatu egin dut nire kideen lana ikusiz», jarri du balioan. Bide horretatik, Ruiz-ek zinema segurua dela aldarrikatu eta ikus-entzuleak aretoetara joatera animatu ditu: «Espero dugu filmak oihartzuna izatea eta ahoz ahokoak funtzionatzea», eskatu du.