Arnaitz Gorriti

Zalerik gabeko derbi txepela Baskoniak edo Bilbao Basketek bakoitzak bere ajeak ken ditzan

Aste erdian jokaturiko neurketak galduta datoz talde biak. Bilbao Basketek, oraindik garaipen bakarra daramala ACB Ligan, Zyskowsky eta Alex Reyes galduko ditu eta Baskoniak, berriz, Asvel Villeurbannen aurka emandako itxura tristea konpontzea izango du xede.

Irailean jokaturiko Euskal Kopan Baskonia izan zen garaile, Bilbao Basketek lanak eman arren. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Irailean jokaturiko Euskal Kopan Baskonia izan zen garaile, Bilbao Basketek lanak eman arren. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Buesa Arenako euskal derbiak, Saski Baskonia eta Bilbao Basketen artekoak alegia, beroak eta ikusgarriak, nahiz eta bolbotarrek, egiari zor, behin bakarrik irabazi Gasteizen ACB Ligan –Euroligan ere irabazi zuten, Iradier Arenan jokaturiko euskal derbian–. Baina zalerik gabe, pandemiaren olatuak jota, nahikoa txepel suertatuko da larunbat gauean 20-45etan hasiko den derbi hau. A-68 autopistako punta banatan dagoen arerioari irabaztea beti dago ondo, baina kasu honetan bakoitzak bere buruari begira nahikoa lan duela dirudi, astean zehar pilaturiko porrotek eta lesioek jotako taldeotan.

RETAbet Bilbao Basketi dagokionez, ia hegalekorik gabe azalduko da Zurbaora, Zwyskowsky eta Alex Reyes, biak ala biak min hartuta daudelako. Horrez gain, Kingsley Moses pibotak ere taldetik at ikusten du ia bere burua, eta Burgos aldeko berriek diotenez, Goran Huskic pibot serbiarra, aurrez Gipuzkoa Basketen ere jokatutakoa, izan liteke estatubatuarraren ordezko jokalaria.

Zurrumurruak albo batera lagata, 1-6 balantzea aldean daramala, garaipenak nonbaitetik pilatzen hasi beharko du laster Alex Mumbruren taldeak, sailkapen nagusiko ajeek behar baino pisu handiagoa hartu baino lehen.

Asteon Real Madrilen aurka bi aurpegi erakutsi ditu talde bizkaitarrak. Aurreneko zatian nahiko txepel, porrot berri baten patua onartzeko prest egongo balitz bezala. Atsedenaldi luzearen osteko erdia, berriz, goitik behera ezberdina; Jonathan Rousellek hartu zuen beltzezko gizonen lidertza eta azken segundoraino ataka zailean izan zuten Real Madril, nahiz eta merengeak nagusitu 83-85eko emaitzaz. Rousellen ondotik, Jaylon Brown edo Ondrej Balvin lako jokalariek pauso bat eman zuten aurrera eta Real Madril dena ematera behartu zuten azkenean Pablo Lasorenak nagusitu baziren ere.

«Erritmo bera mantendu behar dugu 40 minutuetan», onartu du Alex Mumbruk derbiaren bezperako prentsaurrekoan. Baikor izan nahi dut hala ere. Gero eta lan hobea egiten ari gara eta nornahiren aurka gal badezakegu ere, gauzak ongi eginez gero, edozeini irabazi diezaiokegu», gaineratu du Badalonako entrenatzaileak.

«Gorabehera larregi»

«Oraindik ere gorabehera larregi ditugu, eta hori asko errepikatzen dugun akatsa da», bota zuen, bestalde, Dusko Ivanovicek ostegun gauean Asvel Villeurbannen aurka 86-88 galdu ondoren. TD Systems Baskoniaren akatsek talde fransesak aurtengo Euroligan aurreneko garaipena lortzeko erraztasunak eman zizkioten, eta hori saihestu beharko dute gasteiztarrek Bilbao Basketen aurka.

Baskoniak ez zuen tajuz jokatu 40 minutuotan; 11 puntuz azpitik jarri zen hiru aldietan bakarrik esnatu ziren Ivanovicen mutilak, baina erreakzio horiek ez ziren nahikoa izan, garaipena lortzeko aukera eskuan ikustean, aukerari gogor heldu zion aurkaria tokatu zitzaien-eta aurrean. «Bilbao Basketen aurka hobeto egon beharko dugu eta hobeto egongo gara», zin egin zuen Montenegroko entrenatzaileak, baina esatea eta egitea bi gauza arras ezberdinak dira.

ACB Ligan 6-3ko balantzeaz daude arabarrak, sailkapen nagusiko laugarren postuan, alegia. Hau da, orain arte etxeko lanetan txukun dabiltza Ivanovicen gizonak, batez ere Pierria Henry, Vildoza, Giedraitis eta Polonara maila onean ari direlako. Defentsan asmatzen badu Baskoniak, baloi asko lapurtuko ditu eta orduan ez du arazorik izango irabazteko. Eraso estatikoa beste kontu bat da, ordea. Hiruko jaurtiketak sartu ezinik dabil azken aldion eta horrez gain, errebotea isteko ere nahikoa lan du. Ondorioz, euskal derbia Baskoniak bere eskuan izan lezake; hau da, erraz irabazteko moduan izan liteke edo Bilbao Basketi garaipen handi bat lortzeko benetako aukerak eman diezazkioke, minutu gutxi batzuetan egingo duten lan onaren edo txarraren arabera.

Euroligako partidak

Bestalde, Euroligak publiko egin du TD Systems Baskoniak San Petersburgoko Zenit eta Alba Berlinen aurkako partidak, covid-19a dela eta biak ala biak bertan behera geratu zirenak, noiz jokatuko diren.

Errusiarren aurkako dema hilaren 23an, astelehenez, jokatuko da Buesa Arenan 19.30etan. Alba Berlinen aurkako partida, berriz, datorren urteko urtarrilaren 5ean, asteartez, errekuperatuko dute gasteiztarrek, Alemaniako hiruburuan, 20.00etatik aurrera.