NAIZ

Xua eta Maddi; asteburu honetan kalean eta etxean gurasoekin egotearen pozaren irudia

Aldarrikapen luzea gauzatzen hasi da azkenik. Xua eta bere ahizpa txikia, Maddi, kalean dira gurasoekin asteburu honetan behintzat, baimen baten bidez. Hemendik aurrera Martutenen hirugarren graduan beteko dute zigorra amak eta aitak, ez Aranjuezen.

Lasabaster eta Uranga, Maddi eta Xuarekin; Aranjuezeko espetxeari agur. (NAIZi utzitakoa)
Lasabaster eta Uranga, Maddi eta Xuarekin; Aranjuezeko espetxeari agur. (NAIZi utzitakoa)

Urtebete baino gehiago iraun du Xua «motxiladun haurra» preso diren gurasoekin etxera ekartzeko kanpainak. Aste honetan Espetxe Zuzendaritzak iragarri duenez, hirugarren gradua onartu diete Olatz Lasagabaster zein Patxi Urangari eta hemendik aurrera Martutenen beteko dute zigorraren azken zatia.

Erabakia azkar gauzatu da oraingo honetan. Ostiralean astebururako baimen arrunta jaso dute biek eta honekin atzean utzi dituzte Madrilgo Aranjuez espetxeko harresiak, irudiak erakusten duen bezala. Bertan atera dituzte argazkia, Xua eta udan jaio zen Maddi txikiarekin batera, Euskal Herriko bideari ekin aurretik.

Baimen egun hauek bukatu ostean Martutenen aurkeztu beharko dute beren burua Lasagabasterrek eta Urangak, ez Aranjuezen. Zalantzaz beteriko asteak datoz, bistan denez, ostiral honetan, covid-19aren aurrerakada dela eta, bisean bisekoak zein kaleratzeko baimenak bertan behera gelditzen direla iragarri duelako Espetxe Zuzendaritzak. Ikusteko dago nola gelditzen diren gauzak.

Xua Valenciako Picassent espetxean jaio zen eta hiru urte betetzean amarengandik banatu zuten, espainiar espetxe araudiak hala agintzen duelako. Aldeko kanpaina zabala piztu zuen honek, berez Lasagabasterrek zein Urangak kalean egon beharko luketela nabarmenduz eta egoera konpontzeko eskatuz. Urtebete baino gehiago auzitegietan eta kalean eginiko lanaren ondorioz heldu da arazoa zertxobait leuntzen duen hirugarren gradu hau. Gainera orain bi ume dituzte; Picassenten jaiotako Xua eta Aranjuezen sortu den Maddi, orain arte bere amarekin ziegan bizi izan dena.