Jon Ormazabal

Promozioko Buruz Buruko txapela hiru garaipenetara dute parte hartuko duten zortzi lehiakideek

Zabala/Arteaga, Salaberria/Erasun, Elordi/Aranguren eta Urretabizkaia II.a/Egiguren V.a izango dira final laurdenetako kanporaketak gaur Bilbon egindako zozketaren ostean.

Promozio txapelketan parte hartuko duten pilotariak gaurko aurkezpenean. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Promozio txapelketan parte hartuko duten pilotariak gaurko aurkezpenean. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Lehen Mailako Buruz Burukoa azkarra izango bada, zer esan Promozio mailakoaz, irabazleak hiru partida baino ez baititu irabazi beharko bigarren mailako txapela janzteko –lau lirateke Erasunen kasuan, txapelketan aritzeko Larrazabal kanporatu behar izan baitzuen ostiralean Ataunen–. Hiru astetako lehiaketa izango da aurtengoa, lehiakideak final laurdenetan sartuko dira, eta, lehen mailakoan bezala, ez da inolako atzerapenik onartuko, ezta finalean ere.

Promozioko Manomanista honetarako enpresa bakoitzak launa pilotari aurkeztu ditu; Zabala, Salaberria, Elordi –iazko azpitxapelduna– eta Egiguren V.a Asperen aldetik eta Arteaga, Erasun, Aranguren eta Urretabizkaia II.a.

Bilboko Bizkaia pilotalekuan egindako zozketaren ostean, hauek dira asteburu honetan; Zabala/Arteaga II.a eta Salaberria/Erasunek ostiralean Irunen jokatuko dute eta bi partida horietako irabazleek finalerdietan egingo dute topo.

Beste bi kanporaketak larunbatean Bilbon (Elordi/Aranguren) eta igandean Eibarren (Urretabizkaia II.a/Egiguren V.a) jokatuko dira, bertako garaileak finalerdietan gurutzatuz. Finala azaroaren 28rako dago iragarrita, oraindik zehazteke dagoen pilotaleku batean.

Berrikuntza berak

Lehen mailako txapelketan gertatzen den bezala, Promoziokoan ere sakearen pasa sei eta erdian izango da, koadro erdi aurrerago, eta enpresa desberdinetako pilotariak elkarren aurka aritzen diren partidetan, final-laurdenetako denetan, pilotariek botilero edo laguntzaileak izango dituzte, beti ere enpresako teknikariak.