NAIZ
Donostia

Burgosko Prozesuak eta gertaera hark izan zuen eragina jaso dute erakusketa batean

Burgosko Prozesuak eta gertaera hark Euskal Herrian izan zuen eragina aztertzen duen erakusketa antolatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak, Aranzadi Zientzia Elkarteak eta EHUk, auzi haren 50. urteurrenean. Azaroaren 20an inauguratuko da, Donostiako Ibaetako campusean.

ETAko presoen asanblea Burgosko espetxeko patioan, Burgosko Prozesuaren ataritan, 1970ean. Mikel Etxeberria Funtsa
ETAko presoen asanblea Burgosko espetxeko patioan, Burgosko Prozesuaren ataritan, 1970ean. Mikel Etxeberria Funtsa

Burgosko Prozesuaren 50. urteurrena iristear dela, gertaera historiko haren testuingurua eta Euskal Herrian izan zuen eragina aztertzen duen erakusketa inauguratuko dute heldu den azaroaren 20an Donostian, Ibaetako campuseko Carlos Santamaria eraikinean.

‘1970-2020 Burgoseko prozesua. Frankismoari epaiketa’ izenburupean, erakusketan garaiko 173 dokumentu eta testigantza grafiko izango dira ikusgai bi hilabetez, urtarrilaren 26ra arte.

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu du erakusketa, Aranzadi Zientzia Elkartearekin eta Euskal Herriko Unibertsitateko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco Katedrarekin batera, Euskal Herriaren hurbileko historiari eta lurraldean izandako giza eskubideen urraketei buruzko memoria bultzatzeko ahaleginaren testuinguruan.

Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko foru zuzendari Ion Gambrak aurkezpenean nabarmendu duenez, azken hamarkadetan bizi izandakoari buruzko memoria «beharrezko balioa» da «kultura benetan demokratikoa» eraikitzeko, «elkarrekiko errespetuan eta bizikidetza baketsuan» oinarrituta egongo dena eta «iraganeko akatsetan» erortzea eragotziko duena.

Azaldu duenez, Burgosko Prozesutik eratorritako ondorioei buruz idatzi duten historialari eta ikerlarien artean «izendatzaile komun» bat badago, «epaiketa horrek frankismoaren aurkako borrokaren eta euskal auziaren bilakaeran izandako garrantzia» da.

Erakusketak epaiketa hura gertatu zen testuinguru historikoan sakondu nahi du eta hiru bloketan banatuta dago, Aranzadiko ikertzaile Javi Bucesek azaldu duenez. Lehenengoan, Burgosko Prozesua gertatu zen testuinguru historikoa islatzen da. Bigarrenean, giza eskubideen urraketak eta frankismoak eragindako errepresioa azalduko dira; hirugarrenean, berriz, epaiketan gertatutakoa kontatuko da. «Gainera, oso gertaera ezezagun batez arduratu nahi izan dugu. Izan ere, 1970. urte hartan hildakoak izan ziren Gipuzkoan, Burgosko Prozesuaren aurkako mobilizazioen testuinguruan. Roberto Perez Jauregi, Antonio Goñi eta Imanol Andueza erregimeneko poliziaren eskuetan hil ziren», adierazi du.

Burgosko Prozesua 1970eko abenduaren 3tik 9ra 16 euskal gazteren aurka egin zen gerra kontseilua izan zen; Gipuzkoako Brigada Politiko Sozialeko –Polizia frankista– buru Meliton Manzanas komisarioaren heriotzan ustez parte hartzeagatik auzipetu zituzten, ETAko kide izatearen akusaziopean. 

Gerra kontseilu hartan, gerora Burgosko Prozesua bezala ezagutuko zenak, bederatzi heriotza-zigor ezarri zizkuen epaimahai militarrak akusatuetako seiri, 519 urteko kartzela zigor orokorra eta absoluzio bat.

Zigor haiek berehalako erantzuna izan zuten kalean, Euskal Herrian nahiz nazioartean, eta sekulako mobilizaizoak egin ziren. Diktadurak presio diplomatikoak jaso zituen Australia, Suedia, Norvegia, Danimarka, Alemania, Italia, Frantzia, Belgika edo Vatikanoarengandik, indultua eskatuz. Azkenik, heriotza-zigorrak kommutatu behar izan zituen Francok, gizarte mobilizazioaren eta nazioarteko elkartasunaren ondorioz; horrek diktaduraren krisia areagotu zuen.

Gambrak esan duenez, «oso garrantzitsua da gazteenei helarazteko gai izatea gure herrian gertatu denaren, terrorismoak izan dituen ondorio gogorren eta gure gizartean izan diren motibazio politikoko indarkerien memoria kritikoa. Horregatik, zentzu berezia hartzen du erakusketa hau Ibaetako campusean egiteak».

Bucesek nabarmendu du erakusketak «heriotza-kondenaren aurkako alegatua» ere izan nahi duela.