Saharar lurraldean dagoen egoerarekin kezkatut, Sahara Euskadi elkarteak eta Fronte Polisarioak EAEn duen ordezkaritzak, ohar bateratu batean, jakinarazi dute indarrak batu eta elkarrekin jardutea erabaki dutela. Hala, atxikimenduak biltzeko prozesu bati ekin diotela azadu dute, gaur zortzi, azaroak 21, argitaratuko dutena.
Marokoko indar armatuek Guergueraten eginiko erasoaldiaren aurrean, berretsi dute herri sahararrarekiko eta haren legezko ordezkari den Fronte Polisarioarekiko «zalantzarik gabeko elkartasuna». Marokoko Erresumari, aldiz, 1991tik indarrean zen su-etena apurtu izana leporatu diote eta «Magrebeko eskualde osora zabal daitekeen ezegonkortasunarekiko erantzukizuna ere».
Nazio Batuen Erakundea eta Minurso misioarentzako ere kritikak izan dira, modu baketsuan protesta egiten ari ziren sahararrak babestu ez dituztelako.
Espainiar Gobernuari galdegin diote «bere gain har dezala deskolonizatzeke dagoen Afrikako azken lurralde ez-autonomoarekiko erantzukizuna» eta, «azken 45 urteotan ezer egin ez duen» Minursorekin batera, gida dezala «saharar herriaren autodeterminazio-eskubidea aitortzen duen erreferenduma berehala egiteko ekimena.
Euskal herritarrei, azkenik, saharar herriaren alde mobilizatzeko deia egin diete.