NAIZ

Abian da Kaixomaitia.eus, kontaketa erotikoen euskarazko lehen lehiaketa

Kaixomaitia.eus 2007 an sortu zen euskaldunon harremanetarako webgune gisa eta gaur egun mota honetako euskarazko bakarra izaten jarraitzen du. Aurten, Elkar argitaletxerekin elkarlanean, kontaketa erotikoen lehiaketa sortu du. Lanak abenduaren 21a arte bidali daitezke.

Kaixomaitia.eus lehiaketako kartela. (NAIZ)
Kaixomaitia.eus lehiaketako kartela. (NAIZ)

Euskaldunon harremanetarako webgune gisa sortu zen Kaixomaitia.eus orain hamarkada pasa eta, harremanak ezartzeko ez ezik, euskarazko edukiak sortzeko helburua ere bere eginik 2015ean bloga ere sortu zuten, pertsonen arteko harreman afektibo eta sexualez aritzeko eta baita kontaketa eta ipuin erotiko laburrak biltzeko ere.

Esperientzia horretatik sortu da Kaixomaitia.eus Kontaketa Erotikoen Lehiaketa, Elkar argitaletxearen babesa jaso duen ekimena. Lehiaketan 18 urte edo gehiago dituzten herritarrek hartu ahalko dute parte eta lanek 6.000 eta 20.000 karaktere bitarteko luzera eduki ahalko dute. Idazlanak euskaraz idatziak eta argitaratu gabeak izan behar dute eta Kaixomaitia.eus atarian egokitutako web orrialdera helarazi beharko dira (izen-abizenak, posta elektronikoa eta harremanetarako telefonoa zehaztuta) abenduaren 21 baino lehen. 2021eko urtarrilaren 20ean jakinaraziko dira zortzi finalisten izenak eta sari banaketa ekitaldia, aldiz, otsailaren 14an izango da. Horrez gainera, sariketara bidalitako lanak Kaixomaitia.eus-en blogean argitaratuko dira.

Epaimahaia Dorleta Kortazar ipuin kontalariak, Antxiñe Mendizabal idazle eta editoreak eta Iñigo Arandia Kaixomaitia.eus-eko kudeatzaileak osatuko dute. Hiru horiek izango dira 8 finalistak hautatuko dituztenak eta azken hauek Kaixomaitia.eus-eko harpidedunak baloratuko dituzte. Balorazio horiek jasota, epaimahaiaren esku geratuko da hiru saridun nagusiak izendatzea.

Aurreratu dutenez, epaimahaiak kontuan hartuko du testuaren kalitatea, hizkuntza maila –zehaztu dutenez, bereziki erotismoaren, harreman afektibo eta sexualen kontaketan erakutsitako hiztegi, metafora eta esamoldeen aberastasun eta originaltasuna– eta baita genero berdintasunarekiko errespetua eta heteronormatibitatetik haragoko ikuspegia ere.

Zortzi sailkatuek Elkar-en liburu sorta eta 100 euroko opari txartela jasoko dute. Horiez gainera, irabazleak 1.000 euro jasoko ditu, bigarren sailkatuak 500 euro eta hirugarrenak 250 euro.