Covid-19ak eragindako osasun krisia dela eta, Table du Soir (Gaueko Mahaia) izeneko elkarteak egokitzapenak burutu ditu bere ateak berriz ere ireki ahal izateko.
Bere ibilmoldea egokitu ondoren aurten ez dute afaria lokalean eskainiko. Erabiltzaileen zein boluntarioen osasuna babesteko eramateko janaria proposatuko dute.
180 lagunek lana bolondres eginen dute iaz 10.000 plater baino gehiago banatu zuen Ipar Euskal Herriko elkarte horretan.
Sokorri Katolikoak eginiko azken txostenak jasotzen duenez, elkarte horrek 163.380 familia lagundu zituen iaz Ipar Euskal Herria, Biarno eta Landetan zabalik duen zerbitzuaren bidez.
Bista dena, osasun krisiak egoera dezente kaskartu du. Baiona-Angelun Sokorri Katolikoak duen taldearen kordinatzaile den William Lopezek azaldu duenez «alarma guztiak pizturik daude».
Azaldu duenez «elikagaiak erosteko tiketak behar dituzten familia monoparentalen kopuruak azkarki gora egin du». Horrek erran nahi du haurrengan oso eragin krudela izaten ari dela osasun krisia.
Gosariak banatzen dituzten laguntzaileek hitz horiek zenbakien bidez baieztatu dituzte. «Iaz 65-70 lagun hartzen genituen astelehen eta larunbat bitartean, lehenengo konfinamenduaren ondotik 90 bat pertsona errezibitzen ditugu», azaldu dute Baionako lokalean jarduten duten lagunek.
Diru-laguntza jasotzeko eskariei dagokienez %50ean emandatu ziren martxoko etxeratzealdian eta orain ere «sekulako gorakada» izan dela gehitu dute.
Etxegabeak aterpetzeko zerbitzuak negu osoan zabalik
Urriaren 30ean indarrean sartu zen birkonfinamenduaren karietara etxegabeak hartzeko ezohiko aterpeak zabaldu dituzte berriz ere Biarritz eta Baionako udalek Notary gimnasioan eta Laugako kiroldegian, hurrenez hurren.
25 ohe zabaldu dituzte kostako hirian eta bertze 40 bat Lapurdiko hiriburuan. Jean-Rene Etchegaray buru duen Udalak baieztatu duenez, frantses Gobernuak konfinamendua abenduaren 1ean bukatutzat emango balu ere aterpea zabalik izanen da negu osoan zehar. Litekeena da Euskal Elkargoaren bidez bermatzea Atherbea elkarteak kudeatzen duen zerbitzua.
Abbe Pierre Fundazioak emandako datuen arabera gaur egun 300.000 herritar etxerik gabe daude Hexagonoan. 2012tik hona bizitoki duin bat ez duen jende kopurua biderkatu da frantses Estatuan.
Ikerketa guziek pobreziaren hazkundea jasotzen dute. Are, frantziar Estatuak 20 milioi pertsona txiroren langa gaindituko duela urtea amaitu aitzin oharrarazi dute elkarteek.
Era berean Emmanuel Macronen Gobernuari lehenbailehen pobreziaren aurkako egitasmo iraunkor eta integrala plantan emateko deia egin diote.
Elikagaien bilketa egiteko baimena eman du Prefeturak
Finean, Baionako Elikagaien Bankuak bere urteroko bilketari aurre eginen dio heldu den azaroaren 27 eta 28an gaur ohar baten bidez jakitera eman duenez.
Hori dela eta elkartearen laguntzaileak Ipar Euskal Herriko eta Landetako Seignanx eskualdeko 56 supermerkatuetara bertaratuko dira herritarren mozkinak jasotzeko.
Elkarteak azaldu duenez, bilketa hori ezinbestekoa da etengabe gora doan eskaerari erantzuteko.
Iazko urriarekin alderatuta aurten %10ean emendatu da oinarrizko elikagaien banaketa, elkarteak zehaztu duenez.
Era berean, monpanier.org webgunearen bidez ekarpena egin daitekela azaroaren 20a bitartean oroitarazi du.