Bizi! mugimenduaren hainbat ekintzailek Baionako hiri erdian dagoen Monoprix saltegian kokatzen den Amazonen autozerbitzu gunea blokeatu dute gaur goizean plataforma multinazionalak konfinamendu garaian ere dituen abantailak salatzeko.
Estatu frantses osoan elikadura saltzen ez duten 200.000 denda txiki inguru itxita daude urriaren 30ean birkonfinamendua indarrean sartu zenetik.
Anartean, Amazon bezalako plataforma handiek beren merkatu kuota emendatzen jarraitzen dutela salatu du Bizi!k «Baionako merkatariak sustengatzeko garai zail hauetan» eginiko protestaren bidez.
Biziren militanteentzat onartezina da Amazon eta Jeff Bezos bere zuzendari nagusia covid-19 krisiaren irabazle handien artean agertzea, tokiko ekonomiaren kaltetan.
Horrendako, internet bidezko salmentaren jaun eta jabe den plataformaren jarrera arduragabea salatu du elkarteak agiri baten bidez.
«Enpleguak suntsitzeaz gain, Amazonek planetaren beste aldetik inportatzen ditu produktuak, garraio kutsagarrienak erabiliz, lan baldintza txarrak inposatuz langileendako, tokiko saltegi ttipiak suntsituz eta gehiegizko kontsumora bultzatuz», azaldu du Bizi!k.
Gaurko ekintzaren bidez elkarteak Monoprix supermerkatuaren jarrera gaitzetsi du.
«Supermerkatu batzuek zailtasunetan diren saltegi ttipiei eskaintzen diete tokia sarreretan, baina Monoprixek saltegi ttipi horien egungo harrapari handienetariko den Amazon gomitatu du», salatu du Bizi!k.
Hori dela eta Baionako Monoprix saltegiaren zuzendariari galdegin diote «segidan Amazonen banaketa gune honen hestea eta desmuntatzea».
«Gehiegizko kontsumoa» bultzatzen duen Black Friday eguna boikoteatzeko deia luzatzen du, finean. Bizi! mugimenduak.