Selekzioen kontzentrazioek eten zuten Emakumeen Endesa Liga joan zen asteburuan. Hargatik, jardunaldi bikoitza izango duen astea dagokie orain taldeei, 10 eguneko geldialdia nolabait berreskuratzeko. Eta zer hoberik euskal derbi bat baino nagikeriak albo batera lagatzeko? Josean Gasca kiroldegian neurtuko dira IDK Euskotren eta Lointek Gernika Bizkaia 18.00etatik aurrera eta ikuslerik gabe.
Geldialdira seigarren postuan iritsi da talde bizkaitarra 6-4ko balantzearekin. Aldiz, garaipen bat gutxiago pilatuta, zazpigarrenak dira donostiarrak. Hala, esan liteke etenaldi osteko martxari hobekien berrekin dionak zeresan handia izango duela dirudi, talde biek nahikoa itxura parekoa eman baitute aurreneko jardunaldietan.
Entrenatzaileei jaramon egitea pentsatuz gero, badirudi gipuzkoarrak hobeto iritsi direla derbi honetara. «Taldea oso ondo itzuli da, eta oso ondo aritu da lanean egun hauetan. Berriro bueltatu behar dugu lehiara, eta Gernikaren aurkako partida, oso gogorra izango da, beti oso zorrotzak baitira haien kontrako neurketak», esan du Azu Muguruzak neurketa bezperan.
Ez da hain gustura azaldu, berriz, Mario Lopez gernikarren entrenatzailea. «Martxa ona hartzen ari ginen etenaldia iristean. Hala erasoan nola defentsan gero eta sendoago ari ginen, baina geldialdi honen ostean asko kosta zaigu martxa hartzea eta jokalari zenbait minen batekin etorri dira, Nogaye –Lo– eta Margaret –Roundtree–, kasu. Ikusi egin behar partida hasten denean nola erantzuteko gai garen», esan du.
Liderraren aurka
Kutxabank Araskik, aldiz, 18.30etan Valentzia Basket hartuko du Mendizorrotzan. Zaragozaren aurkako partida (erdia) noiz erabakiko zain, Emakumeen Ligako hamabigarren lekuan dira gasteiztarrak, 3-6ko balantzearekin; nahiko emaitza eskasa taldeak duen maila aintzat hartuta.
Baina kosta behar zaio ostegun arratsaldean laugarren garaipena lortzea, Emakumeen Ligako liderra izango baitu aurkari. Orain arteko hamar partidak irabazi ditu Valentzia Basketek eta lehiaketako defentsarik gogorrena dauka gainera, partidako 56 puntu baino ez dituelako ametitzen.
Atsedenaldi onek neurri baten on egin ziezaiokeen talde arabarrari, izan ere, Tamara Abalderen orkatila hobeto egongo da orain, baina ez oraindik behar bezain ondo bere talde ohiaren aurka jokatzeko.
Dena beharko du Madelen Urietaren taldeak, aurkariak denetik baitauka. Esaterako, Leticia Romero eta Cristina Ouviña jokoa antolatzeko; Rebecca Allen eta Queralt Casas hegaletan; Laura Gil eta iaz Araskin utzita jokatu zuen Raquel Carrera uztaipean. Horren aurrean galtzekorik gabe baina kementsu jokatu beharko dute gasteiztarrek.