Alkatea, legebiltzarkidea, eurodiputatua ere... baina horren gainetik independentista sutsua eta Euskal Herriaren lagun mina. Koronabirusak itzali du Willy Kuijpers-en sugarra, 83 urte zituela. Astearte honetan zendu da.
Jarduera politiko ezagun horri ekin aurretik (1984tik 1989ra izan zen eurodiputatua), frankismoaren azken urteotan Euskal Herriaren borrokari oihartzuna emateagatik nabarmendu zen Kuijpers. Walter Luytenekin batera zenbait ekintza entzutetsu egin zituen, esaterako 1975ean Gernikan ospatutako Aberri Egunean.
Ikurrina legeztatzeko urte batzuk falta ziren arren eta Franco oraindik bizirik zela, zutik eta tinko eutsi zioten biek euskal ikurrari, bonbardatutako hiriaren Juntetxearen aurrean. Guardia Zibilak atxilotu eta tratu txarra eman zien, Belgikako Gobernuaren protesta eraginez.
Aurretik, 1972an Baionako katedralean gose greban ziren euskal militanteei bisita egin zieten biek, beren elkartasuna eta konpromisoa adieraziz.
‘Argia’ aldizkariari emandako elkarrizketa batean Kuijpersek berak kontatu zuenez, «1966. urtean hasi ziren nire kontaktuak Euskal Herriko erresistentziarekin. Valen Depaun izeneko intelektual flamandar bat etorri zitzaidan esanez Euskaditik etorri berria zela eta oso grabea zela inperialismo frankistak Euskal Herriari egiten zion erasoa. Zerbait egin behar genuela, hori zen bere asmoa. Eta, zer egin genezakeen? Intelektualen artean hasi ginen lehenengo, Euskadiko errefuxiatu politikoei languntza eskainiz. Hala izan zen hemen errefuxiatuak onartzen hastea. Julen Madariaga, ETAko fundatzaileetarikoa, izan zen lehena, eta bere atzetik beste asko etorri ziren».
Gernikako pasarte hartatik, zera aipatzen zuen Kuijpers-ek: «Guardia zibilek atxilotu egin gintuzten eta furgoi batzuetan Bilbora eraman, han sotano batzuetan sartuta egon ginen luzaroan. Ea torturarik jasan genuen? Ez bereziki...»
Euskal Herriko alderdi ezberdinetako ordezkariekin harremanari eutsi zion Kuijpersek urteak pasa ahala. ETAko zenbait ekintza kritikatu zituen, negoziazioaren bidea aldarrikatzen zuen bitartean. Eurodiputatu zelarik, Euskal Herriari zegozkion ekimenak bideratu zituen, hala nola Ipar Euskal Herrian euskaraz ikasi ahal izatearen alde.
2008. urtean hil zen Luyten eta orain zendu da Kuijpers, flandriarrak biak. Gorka Elejabarrieta EH Bilduko senatariak honela gogoratu du Twitterren.
Willy Kuijpers, Flemish nationalist, has passed away. During his lifetime he supported Basque struggle in many different ways. In 1975 he showed an Ikurriña in Gernika during the Basque National day together with Walter Luyten. Both were arrested and expelled out of Spain. RIP pic.twitter.com/7SgbH99Dvr
— Gorka Elejabarrieta Diaz (@g_elejabarrieta) November 18, 2020