Ezkurdia, Irribarria edo Urrutikoetxea bezalako mehatxuak paretik kenduta, Jokin Altunak lehendik ere bazuen faborito izaera are gehiago handitu da askoren begietan. Amezketarra, ordea, ez da fio, badaki final erdietarako sailkatu den edozein susto handi bat emateko gai dela eta horregatik ez du igandeko partida baino haruntzago begiratu nahi.
«Aurkezpeneko zozketaren ostean, lagun guztiek esan zidaten ze ibilbide zaila tokatu zitzaidan, baina nik sekula ez diot garrantzi handirik ematen horri. Aurten argi ikusi da kanporaketa bakoitzean edozer gauza gerta daitekeela, maila handia dago eta orduan zailagoa ez nuen bezala, orain txapela ez dut errazagoa. Argi daukat igandean partida ona egiten ez badut, ez dudala irabaziko», azaldu du gipuzkoarrak.
Txikitatik ondo ezagutzen duen arerioaren inguruan galdetuta, Dario gozatzen ari dela uste du Altunak, Zubizarretaren aurka lehen partidan urduri xamar ikusi bazuen ere, Irribarriaren aurka askoz lasaiago sumatu omen zuen, kantxan gustura eta «pilotari bat horrela dagoenean, oso arriskutsua da».
Eta arriskuak zenbatzen hasita, Ezcaraykoaren sakeak kezkatzen du bereziki amezketarra, «Dariok ezer ez du behar-eta saketik zazpi edo zortzi tanto egiteko». Hori bai, momentuz ez du erabaki airez edo botera erantzungo dituen, hori partidak berak esango baitio.
Presioa, Altunarentzat
Presio guztia Altunarentzat utzita, errioxarrak nahiko argi du zer egin behar duen beste ezusteko bat eman nahi badu. «Sakearekin asmatu behar dut, perfektu jokatu eta berak bere egunik ez dezala izan», adierazi du. «Orain arte nire jokoa gogorra izatea izan da, borrokalaria izatea, fisikoki oso ondo aurkitzen naiz eta tantoak edo partidak luzatu direnean ondo errekuperatu dut. Lehiakorra izan nahitekeela ikusi dut eta, irabazten badit, izerdia botata izan dadila».
Hori bai, badaki arerio oso zaila izango duela parean. «Denean 8,5ekoa edo 9a ateratzen duen pilotari horietakoa da. Agian ez da onena sakean, baina oso ondo egiten du, defentsan ez da onena izango, edo agian bai, baina asko defendatzen du, tantoak oso ondo amaitzen ditu, teknikoki bikaina da... baina esandako guztiak hala izanda, kontua da buruz oraindik hobea dela. Baina denok ditugu egun txarrak eta halakorik badu prest egon beharko dut», gaineratu du Dariok.