Manex ALTUNA

Getaferen aurka azkar jokatu eta etenaldiak ekidin behar dituztela ohartarazi du Capak

Getaferen zelaian Garitanok mantenduko al du Betisen kontra gazteen alde egindako apustua edo Dani Garcia eta Raul Garcia hamaikakora itzuliko dira.

Capak bigarren gola egin zuen Betisen kontrako garaipenean. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Capak bigarren gola egin zuen Betisen kontrako garaipenean. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Atseden eguna Lezaman, hausnarketarako unea Garitanorentzat. Gaur egungo futbolean ez dago erlaxatzeko tarterik. Izan ere, Betisen kontra irabazi ondoren onartu zuen bezala, hurrengo jardunaldian ere azterketa gainditu beharko du.

Eta aurrean izango duen aurkaria ez da makala. Azken denboraldietan Bordalasen eskutik, sekulako lehiakortasuna erakutsi duen Getafe taldea. Ander Capak ‘Radio Euskadi’ irratian egindako elkarrizketa batean azaltzen duenez, partida «itsusia» espero dute, madrildarrek jokoa eten eta falta ugari egiten baitituzte.

Aurre egiteko modu eraginkorrena azkar jokatzea dela azpimarratu zuen eskuin hegalekoak. Asmoa bolada onari jarraikortasuna ematea da. Hiru puntuak eskuratzeko moduak, lau gol eginez eta aukera andana sortuz, konfiantza handia eman diela azaldu zuen Capak.

Hasieratik gogotsu atera zirela komentatu zuen, baina horrekin batera erabakigarria izan zen Garitanok hamaikoan egindako aldaketak. Unai Vencedor eta Mikel Vesga zelai erdian kokatu ziren eta Asier Villalibrek taldekideei ere erakutsi zien Lehen Mailako aurrelaria dela.

Partida osteko agerraldian, Derioko entrenatzaileak ez zuen azalpen gehiegirik eman nahi izan egindako aldaketen inguruan. Aldi berean, ez zuen arrazoitu zergatik utzi zituen aulkian Dani Garcia eta Raul Garcia. Denboraldi hasiera honetan ez dute bere mailarik onena ematea lortu. Horren lekuko, hainbat partidetan ordezkatuak izan direla eta nafarrak ez duela oraindik golik egin.

Ikusteke dago zeintzuk diren Betisen kontrako garaipenetik ateratako ondorioak eta baita ere Getaferi aurre egiteko zer egingo duen. Madrildarrek planteatzen duten jokoarentzat Dani Garcia eta Raul Garcia jokalari aproposagoak izan daitezke. Baloia azkar jokatzeko ordea, gazteek erakutsi dituzte beren gaitasunak Bilbao Athleticekin edo aurredenboraldiko partidetan.

Athleticek emaitza onak lortu izan ditu Getaferen zelaian egindako bisitetan. 15 aldiz jokatu dute bertan, bost porrot, hiru garaipen eta zazpi berdinketa erdietsiz. Garitanorekin galdu egin zuten 2018/19an Angelek azken minutuetan egindako gol baten erruz eta iazko denboraldian bana berdindu zuten. Raul Garciak egin zuen zuri-gorrien gola.

Eta Elizegi?

Garitanorekin eta jokalariekin batera, lasaitu ederra hartu duena Aitor Elizegiren Zuzendaritza Batza izan da. Emaitza batek ez luke baldintzatu beharko proiektu baten bideragarritasuna, baina benetan zaila egingo zitzaien entrenatzailea karguan mantentzea. Abendu amaieran bi urte beteko dira Ibaiganera iritsi zirenetik eta kirol arloan unerik zailena bizitzen ari dira. Llorenteren fitxaketa saiakerarekin emandako irudi eskasa ere ahaztu gabe dago eta pandemiak eragindako galera ekonomikoak gehitu behar zaizkio.

Azken hilabeteetan desagerturik daude, datorren urteko aurrekontuak ez dituzte aurkeztu eta Batzar Orokorra noiz burutuko den zehaztu barik. Dirudienez, abenduaren 20an edo 27an egitea aztertzen ari dira. Ildo horretan, Athleticen Alde Bustiko Gara plataformatik zuzendaritzak aurkezturiko proposamen eta aurrekontuen aurkako bozka emango dutela aurreratu dute.