Dabid Lazkanoiturburu

Estatu kolpe saiakerarengatik biziarteko zigorra ezarri die Turkiak ehunka akusaturi

2016ko uztailaren erdian izan zen Estatu kolpe saiakeraren auzian epaiketa potoloena amaitu da gaur Turkiako hiriburuan. 300 pertsona baino gehiago dira bizi osoa kartzelan eman beharko dutenak, tartean hegazkin-pilotoak, ofizialak eta Gulen predikariaren anaiarteko buruzagiak.

Auzipetuen senideak, epaiketa egin den Sincaneko kartzelara iristen, Poliziaren begiradapean. (STRINGER/AFP)
Auzipetuen senideak, epaiketa egin den Sincaneko kartzelara iristen, Poliziaren begiradapean. (STRINGER/AFP)

Ankarako Auzitegiak biziarteko espetxe zigorra ezarri die 337 akusaturi 2016ko Estatu kolpe saiakeran parte hartzeagatik, tartean hiriburuan Parlamentua eta beste hainbat eremu estrategiko bonbardatu zituzten 11 hegazkin militar- gidariei.

68 hiritar hil zituen erasoa egin zutenek –hurrengo egunetan beste 9 zauritu zendu ziren– ez dira hil arte kartzelan egon beharko duten bakarrak. Recep Tayip Erdogan Turkiako presidentea kargutik kentzeko 2016ko uztailaren 15-16an eman zen Estatu kolpe saiakera antolatu zuten ofizial militarrak eta Fetulah Gulen predikari islamiarraren ordenako hainbat buruzagi ere kondena handienarekin zigortu dituzte.

Gulen eta bere Hizmet anaiartea (Espainiako Opus Deirekin alderatu daitekeena, islamiarra, hori bai), Erdoganen gertuko kidea zen hasieran eta haren lanari esker iritsi ahal izan zen boterera 2002an AKP presidentearen alderdi islamista.

Urteak igaro ahala, ordea, etsaitu egin ziren, Gobernuak beldurra ziolako Hizmet hartzen ari zen botere gero eta handiagoari. Gulen predikaria AEBetara erbesteratu zen.

Administrazioan, Armadan, Justizian eta Hezkuntzan zituen adar luzeak Estatu kolpea diseinatu eta saiakera egiteko erabili izana leporatzen dio Gobernuak anaiarteari.  

Epaileek ontzat eman dituzte fiskaltzaren argudioak. Horrela, bada, «Konstituzioaren agindua hankaz gora jartzeko saiakera», «presidentea erailtzeko saiakera» eta «hilketak» egotzi dizkie biziarteko kartzela zigorra ezarri zaien akusatuei.

Kartzela baldintza gogorrenak

Gainera, kartzelan baldintzarik gogorrenak pairatu beharko dituzte, 2004an bertan behera utzi zen heriotza-zigorra ordezkatu zuen lege zorrotz bat aplikatuko zaielako.

Beste 60 akusaturen aurka dozenaka urteko kartzela zigor agindu du epaitegiak. 75 absolbitu ditu. 500 pertsona baino gehiago eseri dira akusatuen aulkian gaur ebazpena jakinaraztearekin amaitu den epaiketan.

Horretarako auzitegi-egoitza berezia eraiki dute Sincaneko kartzelan, Ankarako probintzian.  

Kolpe saiakerak porrot egin zuenean, Gobernuak Turkiako historia garaikide odoltsuak orain arte ezagutu duen garbiketa-kanpainarik handiena hasi zuen, oraindik amaitu ez dena.   

Dozenaka mila pertsona atxilotu dituzte dagoeneko eta 140.000 pertsona lanetik bota dituzte, gehienak Gulenen jarraitzaileak. Egun sarekadak gutxitu badira ere, noizean behin izaten dira atxiloketak eta purgak.

Epaiketa nagusia, baina ez bakarra ezta azkena

Gaurkoa Estatu kolpearen auzian epaiketa nagusia izan da. Uztailaren 15eko gauean Ankarako Akinci aire-basean, saiakera egin zuten militarren egoitza nagusian, gertatu zena epaitu du.  

Orduko Armadako Estatu Nagusian agintari eta egun Defentsa ministroa den Hulusi Akar eta beste goi kargudun militar bahitu egin zituzten. 251 hildako eta 2.000 zauritu baino gehiago eragin ondoren saiakerak porrot egin zuenean askatu zituzten.

Bitartean, F-16 ehiza-hegazkin bonbaketariek Turkiako Parlamentuari, Jauregi presidentzialari, indar berezien kuartel nagusiari eta Poliziaren egoitzari eraso egin zieten.  

Baina gaurko epaiketa ez da ez lehena ez azkena izan. Beste 289 prozedura amaitu dira eta egun beste 10 epaiketa martxan daude.

Egitekoa den potoloenak saiakeraren gauean presidentearen zaintzaren inguruan izan zen liskarra du jomugan eta 520 auziperatu daude.  

Auzitegiek dagoeneko 4.500 pertsona zigortu dituzte, horien artean 3.000 biziarteko kartzela zigorrarekin.

Nahiz eta Turkiak AEBei estraditatzeko behin eta berriz exijitu, Kalifornian jarraitzen dute Gulenek eta Adil Oksuz teologia irakasleak, Ankararen iritziz saiakeraren  operatiboaren arduradun izan zenak. Biak auzi-ihesean epaitzen ari dira, anaiarteko beste lau goi agintariekin batera.