naiz

«Feminismoa eta berdintasuna» hiztegia aurkeztu dute Lakuak, Emakundek eta Elhuyar Fundazioak

Feminismoarekin eta berdintasunarekin lotura duten terminoen hiztegia egin du Elhuyar Fundazioak. Astelehenean aurkeztu dute Lakuak eta Emakundek.

"Feminismoa eta berdintasuna" hiztegiaren aurkezpena. (EMAKUNDE)
"Feminismoa eta berdintasuna" hiztegiaren aurkezpena. (EMAKUNDE)

“Feminismoa eta Berdintasuna” hiztegia aurkeztu dute astelehenean Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak eta Emakundek. Elhuyar Fundazioak garatutako hiztegiak feminismoaren eta berdintasunaren alorreko oinarrizko termino eta kontzeptuen definizioak eskaintzen ditu, bai legeriak ezartzen dituen kontzeptuak ekarriz, baina baita herri mugimenduetatik sortutako edo nazioartean erabiltzen diren hitzak txertatuz.

Hiztegia zazpi ataletan banatu dute –Berdintasun-politikak, Feminismoa, Desberdinkeria, Indarkeria, Generoa eta sexua, Sexualitatea eta ugalketa eta Gizarte-antolaketa eta -harremanak–. Bestalde, euskaraz gain, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez aurkibide bana sortu dute.

Kontzeptu oinarrizkoenak zein konplexuagoak direnak jaso dituzte hiztegian. Adibide batzuk, laburtuta: «Feminismo: Emakumeen eta gizonen arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzen duten teoria sozial eta praktika politikoen multzoa»; «Sexu/genero sistema bitar: Mendebaldeko kulturan nagusi den gizarte-eredua, sexua eta generoa bi kategoria zurrun, kontrajarri eta kodependente gisa hartzen dituena: gizona eta emakumea»; «Sexu-abusu: Norbaitek, indarkeria edo larderia erabili gabe eta adostasunik gabe, beste pertsona baten sexu-askatasunaren aurka atentatzean datzan delitua».

Aliantzak, euskara eta berdintasunaren artean

Prentsaurrean, Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek adierazi du hiztegi hau «behar beharrezkoa» dela une honetan, «feminismoaren eta berdintasunaren alorreko oinarrizko terminoak eta dagozkien kontzeptu eta definizioak eskaintzen dizkigulako eta gure gizartearen garapenenerako eta sexuen arteko berdintasun kultura sustatzen laguntzeko tresna delako».

«Aliantzak behar ditugu. Euskarak behar ditu eta berdintasunak baita ere», esan du Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak.

Prozesua

Elhuyar Fundazioak emakume aditu talde batekin lan egin du hiztegia sortzeko prozesuak. Bestalde, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sortutako batzorde tekniko batek aztertu du eta, azkenik, Euskararen Aholku Batzordearen Terminologia Batzordeko kideen eztabaida eta gogoeten ondoren, adostasuna eta kontsentsua lortu eta onespena eman zaio hiztegiari. “Feminismoa eta Berdintasuna” hiztegia Euskalterm Euskal Terminologia Banku Publikoan txertatuta dago eta bertan kontsulta daiteke.