Entrevue

«Pertsona orok euskaraz bizitzeko egiten duen hautuan datza Euskaraldiaren arrakasta»

Kontent ageri da Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzailea 2020ko edizioak herritarren aldetik izan duen harrera onarekin. Egoera eta aldarte onenean egin ezin izan bada ere, ahobizi eta belarriprest andana batu da ekimenera.

Aurtengo ekitaldiak asko izan du onetik, nahiz eta egungo egoera desatsegina eta ezohikoa izan. Zer balorazio egiten duzue Euskaraldiaren bigarren edizio honi buruz?
Ekitaldia aurrera eramatea eta ariketa egitea bera oso positiboki baloratzen dugu. Egoera oso berezi eta zailean gaudela aintzat hartuta, uste dugu egin behar genuela, egin zitekeela eta horrela izan da. Ahalegin izugarria egin da herri batzordeetatik, eta ekitaldiak izan duen harrera ona nabarmendu behar dugu. Ikusten dugu euskal gizartean badagoela euskaraz bizitzeko gogoa; behar sozial hori bera agerian geratu da.
Krisi latz baten erdian antolatu behar izan duzue ekimena. Zeintzuk izan dira gainditu behar izan dituzuen eragozpen handienak?
Zeharkatu behar izan ditugu oztopoak asko izan dira. Alde batetik, eragozpena izan da giza harremanak ikaragarri mugatuak egon direla, eta ekitaldia behar bezala egin ahal izatea zaildu duela horrek, neurri handi batean. Beste alde batetik, Euskaraldiaren ikusgarritasuna lortzeko, herritarrak aktibatzeko eta herritarrak ekimenerako prestatzeko ere zenbait zailtasun izan ditugu. Azkenik, esan behar dut kalean egoteko aukera mugatua izan dugula eta ariguneekin modu egokian lan egiteko eragozpenak ere aurkitu ditugula.

Euskaraldiaren lehenengo edizioaren arrakasta ukaezina izan zen. Nola baloratzen duzue oraingoan jendeak eta erakundeek izan duten inplikazioa?
Ekimenean izena ematen duen pertsona orok euskaraz bizitzeko egiten duen hautuan datza Euskaraldiaren arrakasta. Hori da, hain justu, guretzat garrantzitsuena. Bestalde, euskalgintzan eragiteko beste modu batzuk bilatu eta bideratzea da beste xedeetako bat. Hala, ekimenak funtzio sozial eta linguistiko garrantzitsu bat betetzen duela pentsatzen dugu. Ildo horretan, jendearen eta entitateen inplikazioa ezinbestekoa da, eta aurten argi geratu da parte hartzaileen konpromisoa, oztopo ugari egonda ere.

Zeintzuk dira euskararen presentzia sustatzeko euskal gizarteak epe ertainean gainditu beharko dituen erronkarik handienak?
Alor askotan ditugu erronka handiak euskararen normalizazioa lortu nahi badugu. Batetik, garrantzitsua da euskararen unibertsalizazioan pauso berriak ematea, ezinbestekoa baita guztiok belarriprest izan ahal izatea. Bestetik, euskararen erabilera bermatzeko ere ahaleginak egin behar dira, besteak beste, alor sozioekonomikoan, aisialdian eta eremu digitalean.