Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Beste arazo bat Barçarentzat: lehen mailako taldeak ez du urtarrileko nomina kobratuko

Carles Tusquets Bartzelonako Batzorde Kudeatzaileko presidenteak esan duenez, kluba «kaudimengabezia egoeran dago» eta, horrekin batera, «iragan udan Messi salduko nuke». Azken orduotan Neymarrek argi utzi du jokalari argentinarrarekin jokatu nahi duela berriro ere. Baina non?

Ikusiko al ditugu berriro ere Messi eta Neymar elkarrekin jokatzen? (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Ikusiko al ditugu berriro ere Messi eta Neymar elkarrekin jokatzen? (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Argi dago azken hilabeteak ez direla izan Bartzelonaren historiako onenak. Leo Messik kluba utzi nahi zuela, Josep Maria Bartomeuk presidente izateari uko egin ziola Bartzelonan iragandako sei urteetan argi-itzalak utziz…

Eta orain, dirudienez, ekonomikoki ere kluba gaizki dabil. Carles Tusquets Bartzelonako Batzorde Kudeatzaileko presidenteak klubak bizi duen egoera ekonomikoaz hitz egin du "El Món a RAC 1" irratsaioari eskaini dion elkarrizketan.

Bertan azpimarratu duenez, «urtarrileko nominak ezin dira ordaindu. Kluba kaudimengabezia egoeran dago, eta epaitegietara jotzeko modukoa da». Batzorde Kudeatzaileko presidenteak azaldu duenez, gizonezkoen lehen taldeko jokalariei urtarrilean egin beharreko ordainketa atzeratu egin dute eta, ondorioz, klubak epe laburrean 170 milioi euro aurreztuko dituelako. Uztailean jokalariek beste ordainketa bat jaso beharko lukete, baina ikusi beharko da.

Honekin batera, tituluak irabazteagatik jokalariek jaso beharko luketen bonusak ere atzeratu egin direla baieztatu du Tusquetsek. Horrez gain, egoera ekonomikoa «oso txarra» baina «itxaropentsua» dela ere gaineratu du.

Leo Messiri buruz ere hitz egin du Carles Tusquetsek: «Ikuspuntu ekonomikoari begiratuta, iragan udan Messi salduko nuke. Onena izango horixe izango zen, klubak dirua jaso eta aurreztuko baitzuen».

Honekin loturik, Ronald Koeman Barçako entrenatzailearekin eta Ramon Planes idazkari teknikoarekin zenbait alditan bildu zela aitortu du. «Urtarrilean saltzen badugu, fitxatu ahal izango dugu. Ez dakit hautagaiek Haaland (Dortmundeko aurrelaria) duten doain. Jokalarien ordezkari guztiekin hitz egin dugu baita ere, Messirena barne. Ez dut fitxatzeei edota jarraitasunari buruz hitz egingo», azpimarratu du Tusquetsek.

Neymar-Messi PSGn?

Azken orduotan Messiren inguruko beste albiste bat ere atera da hedabideetan. Egun PSGn jokatzen dagoen Neymarrek argi esan du argentinarrarekin jokatu nahi duela berriro ere.

Gogoratu behar da brasildarrak Barçan jokatu zuela 2013tik 2017ra, Messi eta Luis Suarezekin hirukote oso indartsua sortuz –Liga, Kopa eta Txapeldunen Liga irabazi zuten denboraldi berean, eta ondoren beste Liga bat, bi Kopa eta Superkopa bat gehiago erdietsi zituzten–. Neymar orain Paris Saint Germainen dago eta Luis Suarez Atletico Madrilen.

Hala ere, brasildarraren irteera ez zen egokiena izan eta bi aldeak tirabiraka dabiltza epaitegietan. Alde horretatik, Carles Tusquetsek «mirari» bat ikusten du Bartzelonak Neymar fitxatzea.

Bartzelonako presidenterako hautagaietako bat den Joan Laportak –presidente izan zen 2003tik 2010era bitartean–, Catalunya Radion egindako adierazpenetan esan duenez, Messi klubean gelditu dadin saiatuko da, baina «Messik alde egiten badu, Barça ez da hor amaitzen» argi utzi nahi izan du.

Horri guztiari Messik Barça utzi nahi duela gehituta, ikusiko al ditugu berriro ere bi jokalariak elkarrekin jokatzen? Eta non? Barçan? PSGn?