Estibalitz Ezkerra
Literatur kritikaria

Memoriak (I)

Heldu da liburudendetara Barack Obamaren bigarren memoria liburua, AEBetako presidente rolean igarotako bi legegintzaldiak ardatz dituena. Kritika liberalak laudoriozko hitzak zuzendu dizkio argitalpenari; goraipatu egiten dute  idazkeraren dotorezia eta zintzotasuna. Azken hori, zintzotasuna, behin eta berriro azpimarratu dute: Obama presidente zintzoa bezala igaro da historiara eta bere memoriak ere horren isla dira.

Kritikari gutxi batzuek, AEBetan “erradikalak” kontsideratzen dituzten horiek, kargu hartu diete memoriotan dauden hutsune nabarmenei: bere agintaldian dronen erabilera %700 handitu zuen Pakistanen eta lerro pare bateko aipamena besterik ez dio egiten kontuari; Bushek indarrean jarritako inmigrazio legeei jarraipena emanez deportaturiko pertsonen kopuruari begira errekor bat ezarri zuen, baina paragrafo bakarra eskaintzen dio bere immigrazio politikari; aurreko presidenteek egindakoa kontuan hartuta halako bi aldiz auzipetu zituen botere gehiegikeriak salatu zituztenak, baina gaia ez du aipatzen.

Arabiar Udaberriaren garaian Tahrir Plazako protestarien alde dauden lankide gazteen eta muturreko mugimenduen beldur erregimen autoritarioari babesa eman nahi dion belaunaldi zaharragoaren artean erdibideko jarrera bat bilatzen saiatu zela esaten du. Azkenean, Europaren oniritziarekin, Libia bonbardatzea erabaki zuen eta ondorioz eragin zuen indarkeriazko kaosa ez da inon ageri memorietan. Halako isiluneek ez dute zintzotasunaren irudia ematen.