Aparkaleku bila auto ilarak, Landako gunera sartu eta buru uholdea, aspaldiko lagunak agurtu, txikitatik miretsi dugun idazlearekin bizpahiru esaldi gurutzatu, kontzertu osteko parranda... iraganean geratu diren keinu txikiak dira. Normaltasun berrian handi, oso handi, bihurtu diren keinu txikiak.
1965. urtean Durangoko Andra Mariko elizpean bildu ziren kulturzale haiek ez zuten berehalakoan irudikatuko aurtengo Azoka. Ezta guk geuk ere, iaz. Erakusmahairik gabe, Azoka modu presentzialean –Durangoko eta mugakide diren herrietako kulturzaleentzat– eta sarean gozatzeko aukera eskainiko du Gerediaga elkarteak.
‘TaupaDA!’. Hauxe aurtengo leloa. Bihotza. Ane Pikazaren kartela. Paisaia grisaren gainean, kolorea. Bulkada, aurtengo edizioari uko egin ez –horixe izan zen Gerediagako kideei bihotzetik atera zitzaien lehen taupada– baizik aurrera egitera bultzatu dituena.
Garai bakoitzera egokitzen asmatu izan du Durangoko Azokak lehendik ere eta aurten ere horren saiakera egingo dute. Nork daki aurtengo zenbat ‘esperimentu’ bihurtuko diren datozen edizioetan ohitura.
«Urteko fakturazioaren %22 dira Landako Guneko salmentak partaideentzat. Aurten inoiz baino garrantzitsuagoak dira diru sarrera horiek». Nerea Mujika Gerediaga elkartearen lehendakariaren hitzak. Errealitate gordina.
Sortzailetik hasi eta eroslearenganaino doan kulturaren «balio kate osoa» babesteko deia ere egin du Jose Mari Sors, euskal editoreen elkarteko lehendakariak.
Urtero bezala, Ikasle Goizarekin ekingo zaio Azokari eta hainbat tailer antolatu dira sarean Euskal Herriko ikastetxeentzat. Lantegiotan parte hartzeko ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea.
Azokako inaugurazio ekitaldia gaur arratsaldean izango da, 18.00etan. Azokako kide eta erakundeetako ordezkariez gain, ‘Azokako lehen taupaDA!‘ izeneko ekitaldian parte hartuko dute Eñaut Elorrietak, Kirmen Uribek (New Yorketik) eta Bagara dantza talde durangarrak.
Salerosketa gune ez, disko eta liburu biltegi bihurtuko da Landako egunotan. Bertatik aterako dira Euskal Herriko hainbat txokotara kulturzaleek online erositako ‘saskiak’. Dagoeneko 1.200etik gora erosi dituzte.
2.300 produktutik gora klik batera
2.300 produktutik gora –horietatik 852 nobedadeak–, klik batera webgunean: 636 liburu, 100 musika produktu, 44 aldizkari eta 72 bestelakoak (ikus-entzunezkoak, jokoak, papergintza). Guztira, 185 parte-hartzaile, diskoetxeak, argitaletxeak, elkarteak eta autoekoizleak. Sareko dendan erosketak egiteko aukera abenduaren 4tik 8ra arte egongo da. Salmenta horietako bakoitzaren %12 jasoko du Gerediaga elkarteak, kudeaketa lanei aurre egiteko.
Horrez gain, sormen eta kultur ekitaldien erakustoki izango da Landako. Azokan egon ohi diren gune guztietako jarduerak izango dira: Ahotsenea, Kabi@, Szenatokia, Saguganbara, Plateruena, Irudienea eta Areto Nagusia. Goizean goizetik familientzako ipuin aurkezpenak eta ikuskizunak izango dira, eta ondoren, gai desberdinei eta gaurkotasunari lotutako mahainguruak. Goiz eta arratsaldez, literatur solasaldiak eta liburuen aurkezpenak izango dira, eta eguerdian, ikus-entzunezkoen txanda izango da, umeentzako pelikulak eta film laburrak.
Arte eszenikoek ere izango dute lekua, irakurketa dramatizatuen bidez. Idazleen artean, besteak beste, Uxue Alberdi, Bernardo Atxaga, Jakoba Errekondo, Miren Agur Meabe, Yurre Ugarte, Kattalin Miner, Andoni Olariaga, Iñaki Egaña eta Danele Sarriugartek parte hartuko dute.
Ekitaldi guztiak presentzialak izango dira, edukiera mugatuarekin, eta beharrezkoa da aldez aurretik sarrerak erreserbatzea. Oraindik badago aukera hainbat solasaldi, kontzertu eta aurkezpenetarako gonbidapenak erreserbatzeko.
Plateruena ateak irekita
Nabarmentzekoa da Plateruenak Azokarako propio irekiko dituela ateak. Disko aurkezpenak egingo dira, abenduaren 5etik 8ra, 10.30etik 21.00ak arte. Guztira 37 musika talde igoko dira taula gainera, besteak beste, Bulego, Marlik, Zetak, Mikel Urdangarin, Haxotz, Korrontzi, Rafa Rueda, Basabi, Gatibu, Hibai, Trikidantz, Kohatu, Pantxix Bidart, Peio eta Itsua, Roberto eta Miren Etxebarria, X Sakara edo Maria Rivero. Emanaldi batzuetarako sarrerak agortu dira dagoeneko. Gatibu, Zetak, Liher, Mikel Urdangarin, Amorante, Bulego eta Rafa Ruedaren kontzertuetarako, hain zuzen ere.
Denera, Landakon zein Plateruenan, ehun kultur ekitalditik gora iragartzen dira.
Gainera, kulturzaleek aukera izango dute Azokako webgunetik Durangon gertatzen ari dena jarraitzeko. «Bi streaming kanal egongo dira webgunean, bata Landako Guneari dagokiona eta bestea Plateruenari, eta bertan egunero 10.30etik 21.00ak arte Azoka ikusi, entzun eta gozatu ahal izango duzue», adierazi dute antolatzaileek.
Mujikak dei egin die herritarrei aurtengo Azoka beste modu batera bizitzeko: «Durangon, zure herriko aretoan edo etxean, goza ezazue aurtengo Azoka. Hartu tarte bat online denda kuxkuxeatzeko eta egin klik, eskuratu euskal kultura. Ez dadila Azokaren taupada eten, ezta euskal kulturarena ere».
Euskal Herrian zehar
Azoka ez da Durangora mugatuko. ‘Zu non, han DA!’ ekimenaren baitan, Euskal Herriko zortzi herritan kontzertuak egongo dira: Amurrio, Atarrabia, Azpeitia, Bermeo, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Ondarroa. Guztira 32 musika talde. Sarrerak salgai daude Azokako webgunean baina ondorengo saioetarako agortu dira: Zea Mays (Bilbo), Ene Kantak (Bilbo), Liher + Sorkari (Atarrabia), Kaleko Urdangak + Perlata (Atarrabia), Izate Faltsua eta Rodeo (Amurrio), Gatibu (Azpeitia, 19.00), Silicies Grizzlies + Kyxo (Donostia), Dena + Habi (Donostia), Raitx + Burrundaria (Donostia), Mihise + Kaskezur (Donostia) eta Brigade Loco + Barne Guda (Gasteiz).