Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira eta Gasteizen proiektatuta dagoen Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentro Nazionalaren «planteamendu diskriminatzailearen aurrean», Euskal Herriko hainbat memoria eragilek ‘Memoria osoa, bizikidetzaren alde’ kanpaina aurkeztu dute.
Amapola del Camino, Autobus de la Memoria, Berriz 1936 Gogoratzen, Durango 1936, Egia, Justizia, Kalteordaina – Genozidio Donostia, Egiari Zor, Gernika Batzordea, Gernika Memoriaren Lekuko, Goldatu elkartea, Intxorta 1937 kultur elkartea, Martxoak 3 elkartea, Sanfermines 78 gogoan eta Oroituz Andoain elkarteak batu dira.
«Euskal Herria memoria duen herria da. Asko dira gure zauri irekiak eta ez ditugu ahaztu nahi indarkeria adierazpen ugarik eragindako marka horiek», adierazi dute gaur arabar hiriburuan egindako agerraldian. «Gure nahia da inork ez dezala inoiz, ez hemen, ez inon, gauza bera jasan», gehitu dute. Eta horretarako, «bizikidetza eraikitzeko», inolako bazterketarik eta diskriminaziorik gabeko memoria aldarrikatu dute.
Honela «sufrimenduaren mapa horretatik inor ezabatu gabe» erronka «kolektiboa» aurreikusten dute. Eta zentzu horretan kokatu dituzte hainbat tokiko esperientzia eta dinamika.
Horren aurrean, baina, «estrategia diskriminatzaileak» daudela azpimarratu dute. «Horien artean, Gasteizen egoitza duen Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentro Nazionala gaitzetsi nahi dugu. Gure iritzian, proiektu hau une honetan sustatu behar dugun bizikidetzaren eraikuntzaren aurkako bidean doa». Zentro horren oinarria 29/2011 Legea da (Terrorismoaren Biktimen Aitorpenerako eta Babes Integralerako legea), eta haren definizioaren arabera, «1960ko urtarrilaren 1etik erregistratutako terrorismoadierazpen guztien biktimekiko aitorpen, errespetu eta elkartasun-zeinua izan nahi du».
Hala ere, planteamendu horrek kanpoan uzten ditu Estatuaren aparatuek data horretatik aurrera eragindako giza eskubideen urraketen biktimak eta baita aurreko urteetako gehienak ere. «Batzuk jasotzen badira ere, besteekin alderatuta, aitortza ez da maila berekoa», nabarmendu dute.
Eta bizikidetzarako «arazo» bat bezala ikusten dute. «Une historiko honetan, Giza Eskubideen urraketa guztiak kontuan hartzen dituzten proiektu eraikitzaileak eta integralak behar ditugu».
Horren aurrean, Euskal Herriko erakundeetako ordezkariak interpelatu dituzte, baita hezkuntza komunitatea eta eragile politiko eta sozialak: «Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentro Nazionalaren planteamendu diskriminatzailea ez onartu, memoria osoan oinarritutako dinamikak bultzatu, Giza Eskubideen urraketa guztiak barne hartuz. Bizikidetza eraiki, bazterketarik gabe», amaitu dute.