Ion Salgado
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Urbiden parte hartzeko dauden «presio eta mehatxuak» salatu ditu EH Bilduk

Iaz martxan jarri zen Urbide, Arabako foru Aldundiak sortutako ur patzuergoa¡. Herrialdeko ura kudeatzen duten 350 erakunde baino gehiagotatik 76 bertan sartu dira, EH Bilduk salatu duenez, «askotan presio eta mehatxupean».

Nerbioi ibaia Laudio eta Amurrio zeharkatzen ditu.
Nerbioi ibaia Laudio eta Amurrio zeharkatzen ditu.

Uraren kudeaketak desadostasunak eragin ditu Araban azken urteetan. Foru Aldundiak martxan jarritako partzuergoa, Urbide deitzen dena, gero eta handiagoa da, eta gaur egun herrialdeko ura kudeatzen duten 350 erakunde baino gehiagotatik 76 bertan sartu dira, «askotan presio eta mehatxupean».

Hala salatu du ostiral honetan EH Bilduko batzarkidea den Javier Argotek. Honek leporatu dio EAJri «sistematikoki ez betetzea toki erakundeekin uraren kudeaketaren arloan hartutako konpromisoak eta Europako jarraibideak». Izan ere, jakinarazi duenez, pasa den azaroaren 24an Diputatuen Kontseiluak erabaki zuen tarifa bakarraren ezarpena atzeratzea, gutxienez urte bat.

Argotek azaldu duenez, Urbiden sartu diren erakundeek promesa bat jaso zuten: aplikatu beharreko tarifek ez lituzkete inola ere gaindituko gaur egun Amvisan, Gasteizko hiriburuan ura kudeatzen duen enpresan, aplikatzen direnak. «Hala ere, EAJk orain atzera egin du eta ez du beteko hitzarmenean sinatutakoa. Horrez gain, aurreratu du beste azterlan bat egingo duela zerbitzua ematearen kostuei buruz, eta horrek zehaztuko dituela etorkizuneko tasak», gaineratu du.

«Toki erakundeak presionatzeko orduan EAJk gehien erabili izan duen argudioetako bat izan da tarifak handitu beharko dituztela urari buruzko jarraibideak betetzeko eta uraren ziklo integralaren kostuak ordaintzeko, egin dituzten edo etorkizunean egin beharko dituzten inbertsioen ondorioz. Orain ikusten dugu bere hitza ez duela beteko eta Urbidek ere ez dituela jarraibide horiek beteko», ohartarazi du.

Esan duenez, Urbidek «onartzen du ez dituela tarifen bidez berreskuratuko zerbitzuaren kostuak eta aurreikusitako inbertsioen etorkizuneko amortizazioa; beraz, defizita foru aurrekontuen bidez estaliko du. Izan ere, gaur egun, Urbidek 500.000 euro jasotzen ditu urtero bere kudeaketarako».

«Hala ere, arro hidrografikoetan oinarritutako logikarik ez duenez eta entitateak lurralde osoan sakabanatuta daudenez, sortu eta bi urtera, ez da gai hura osatzen duten erakundeei inolako zerbitzurik emateko. Are gehiago, gaur egun, Urbidek ez du bermatzen ez zerbitzuak ematea, ezta bere bideragarritasuna etorkizun hurbilean ere», azpimarratu du, eta Aiaraldean ireki den eztabaidari buruz hitz egin du, azken asteetan Amurrio eta Laudioko udalek Urbiden sartuko direla erabaki dute.

Kantauriko Urkidetza

EH Bilduren ustez, «Kantauriko Urkidetzaren desegitea bizkortu du EAJk. Izan ere, Artziniegako Udalak agindutako txosten juridiko baten arabera, gerentziak bultzatutako prozesua erabat deuseza da, bere administrazio-prozedura ez baitator bat indarrean dagoen araudiarekin, eta gerentzia bere eskuduntzetatik atera da. Gainera, erabaki bat hartzeko udalei emandako epea guztiz arbitrarioa dela ondorioztatu du txosten horrek. Horregatik, atzo batzarrean hartutako erabakiaren ondoren, EH Bildu akordio hori berraztertzeko errekurtsoa jartzea aztertzen ari da, eta ez du epaitegietara jotzea baztertzen».

Egoera honen aurrean, Argotek Arabako ura kudeatzeko eredu «deszentralizatua» babestu du, «herrietako bizilagunen eskuetan» dagoen eredua, eta Arabako Foru Aldundiari eskatu dio «lurraldean jarduten duten ura kudeatzen duten erakunde guztiei tratu bera emateko». Gogorarazi duenez, «zerbitzu deszentralizatu eta hurbil honek kalitate-kostu erlazio onargarri batekin funtzionatu du, eta zerbitzua kontrolatzeaz gain, hori egiteko obrak eta inbertsioak ere kontrolatzen dira».