Arnaitz Gorriti

Bilbao Basket eta GBC, berriz ere kantxara beheko postuen itolarritik ihes egin nahian

Donostiarrek atzeratutako partidak berreskuratzen ari den Andorra izango dute aurkari, Tyson Perez gabe uztaipean dituen gabeziei probetxua atera nahian. Bilbao Basketek Andorran irabazi berritan arnasa hartu duen Zaragozari egingo dio bisita, Boloniako garaipenaren bidetik.

Gipuzkoa Basket errebote lanetan fin badabil, aukeraren bat izango du Andorraren aurka. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Gipuzkoa Basket errebote lanetan fin badabil, aukeraren bat izango du Andorraren aurka. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Igande arratsalde lanpetua izango dute Acunsa Gipuzkoa Basketek eta RETAbet Bilbao Basketek. Biek ere 17.00etatik aurrera jokatu behar dute ACB Ligako beheko postuek ematen duten itolarritik hanka egiteko asmoz. Donostiarrek Morabanc Andorra jasoko dute Illunben eta bizkaitarrek, aldiz, Casademont Zaragozari egingo diote bisita.

Andorrak eta Zaragozak ostiral gauean elkarren aurka jokatu zuten eta Aragoikoak nagusitu ziren, 83-98. Ibon Navarroren gizonek 30 hirukotik 15 sartu zituzten, baina errebote lanetan oso eskas aritu ziren –30 harrapatu zituzten eta aurkariek, 48–, neurri handio baten Tyson Perez hegal-pibotaren lesioaren erruz. Hala, erasoan aurreneko laurdenean izandako etorria urritu zitzaienean, ez ziren defentsa lan indartsuago batekin partida orekatzeko kapaz izan.

Hor beharko luke Gipuzkoa Basketen indarra Andorraren aurrean. Echenique, Okouo, Radoncic edo Pere Tomas habilak dira errebote lanetan, eta bigarren edo hirugarren aukera horiek baliatu beharko dituzte Marcelo Nicolarenek denboraldiko bigarren garaipena lortzeko bidean. Hori bai, William Magarity gabe, kanpoko jaurtitzaileek finago aritu beharko dute.

Astean zehar UCAM Murtziaren aurka jokaturiko partidan errebote lanetan bikain aritu zen Gipuzkoa Basket. Kontua da aurreneko 20 minutuetan 54 puntu jaso zituela; ezin du halakorik onartu igande arratsaldean Marcelo Nicolaren taldeak. «Badakigu zer egin behar dugu lehiakor izateko. Bada, orain egitea dagokigu», azpimarratu zuen partida amaieran entrenatzaile argentinarrak. Azken neurketetan itxura hobea emanda ere, irregulartasun hori saihestu beharko du aukerarik izatekotan.

Goranzko bidean

Esan bezala, ostiral gauean Casademont Zaragozak 83-98 irabazi zuen Andorran, Dylan Ennisek, Brussinok, Benzinekg eta Barreirok egindako lan apartari esker. Sergio Hernandez entrenatzaile argentinarraren eskutik, Aragoikoak goranzko bidean doaz, pixkanaka bada ere.

Bilbao Basketek ere horixe traza beretsua dauka, bestalde. Joan den domekan Estudiantesi irabaztear izan zen eta, porrotak porrot, astean zehar jokaturiko Txapeldunen Ligako dema irabaztea lortu zuen Fortitudo Boloniaren kantxan. Oraindik ere jokoan hutsune dexente nabaritu zitzaizkion arren, defentsa lanean asko hobetu zuten Alex Mumbrurenek eta Felipe Dos Anjos, Ludde Hakanson edo Jaylon Brown lako jokalariek aurrerapausoak garaipena bermatu zion.

«Estudiantesen aurka jaso genuen muturrekoaren ostean, Boloniako garaipenak mesede egin digu. Badugu zer hobetua, baina bide egkian gaude. Defentsan hobetu dugu, eta erasoan ere baloiarekin gauzak hobeto ari gara egiten: paseak, jaurtiketak, trantsizio jokoa...» onartu du Alex Mumbruk asteon emandako prentsaurrekoan.

Neurri baten, Dos Anjos gaztearen eta Miniotas iritsi berriaren lan egokia izaten ari da hobekuntza horren iturria. «Felipek denboraldi hasieran egiten zituen akats horiek dagoeneko ez ditu egiten; pozgarria da nola gero eta lan hobea egiten ari den ikustea. «Miniotas jokalari azkarra da, buru argikoa. Oso entrenamendu saio gutxi egin arren, taldearen sistema oso ondo ari da ulertzen», adierazi du.